bertsolaritza klasikoaren antologia partziala - … · web viewargia hasten denean, menditto baten...
TRANSCRIPT
Bertsolaritza klasikoaren antologia partziala
Bertsolaritza klasikoaren antologia partziala
rufino iraola garmendia
Hitzaurrea
Ez omen da oso egokia idatzitakoaren gainean esplikazioak eman beharra. Okerragoa da irakurlea zalantzan uztea. Beraz, ausartu egingo naiz erregela omen den hori haustera. Lau parametroren baitan definituko dugu «klasiko» hitzaren esanahia: a) denbora aldetik, gutxi gorabehera, XIX. eta XX. mendeko 70eko hamarkada arte-edo har genezake; b) beraz, jadanik ohikoa den Joxerra Garziaren sailkapenaren arabera, bertsolaritzaren hastapenetik hasi eta erresistentziako bertsolaritza artekoa hartuko luke; c) izenen arabera, esan dezakegu Fernando Amezketarragandik hasi eta Amuriza azaldu aurrekoa; d) bertsolaritza urbanoaren aurrekoa, hau da, nekazaritza garaikoa.
Partziala. Antologia guztiak izan ohi dira partzialak, dena hartzen ez duelako eta norbaitek irizpideren baten arabera hautatzen duelako edukia. Kasu honetan, honela konkretatuko nituzke ezaugarriak: a) nire gustuen arabera egindako hautaketa da, eta ez beste inoren agindu edo aholkupean; b) nire barrenari eragin dioten bertsoak dira, zirrara sorrarazi didatenak, nire sentimenduak astindu eta hunkitu nautenak; c) nire ebidentzia subjektiboen arabera aukeratuak daude; d) batzuetan, herriak zeharo barneratuak eta popularrak direlako ere bai; e) garai edo gertaera bati buruz esanahi berezia dutelako; f) batez ere, printzen bila nabil ni, halaxe planteatu dudalako, eta gerta liteke norbaitek esatea: «Bat baino gehiago utzi duk kanpoan». Egia! Esate baterako, printza ederren kontua bakarrik balitz, Goiburuk hemen beharko luke, baina beste kriterio bat ere hartu dut kontutan: lehiaketetan egindako ibilbidea, eta hor aurrera samar joan ez direnak ere lan honetatik kanpora utzi ditugu; g) agian, bigarren partea egin beharko litzateke, beste kriterio batzuekin eta, hori bai, bertsolari zerrenda luzatuta, belaunaldi berriak barruan direla. Guk Azpillaga eta Lopategirekin amaituko dugu.
Nik uste dut egina dagoela horrelako zerbait: Juanito Dorronsorok bi tomotan atera zituen Bertsotan 1879-1936 eta Bertsoan II. 1936-1980. Nolanahi ere ez dira gauza bera. Hark eskolarako unitate gisa presatu zituen liburuak; alegia, didaktizaturik. Hark bertsolaritzaren presentzia orokorra zuen helburu, guk esan dugu beste bide batetik goazela. Gainera, bada bakarren bat Dorronsoron liburuan, hor agertzeko adinako mailarik ez duena; adibidez bat badago inoiz plaza publiko batean kantatu gabea. Adierazpen horrekin ez diogu kendu nahi eta ez diogu kentzen meriturik Ataungo bertsozale eta musikari finari. Nola kenduko diogu, bada, haren lanaz baliatu baikara geu hein batean?
Bi sailetako bertsoak emango ditugu: bat-batekoak eta jarriak. Ez ditugu, ordea, berezirik ipiniko, baizik eta, gutxi gorabehera, kronologikoki. Hori bai, zein sailetakoak diren garbi esanda.
Bertsolari klasikoez hitz bi
Esan dezakegu, lasai esan ere, lehengo bertsolariak edo bertsolari klasikoak ezagutza formal urri edo eskasekoak zirela; eskolatu gabeak, kasik analfabetoak. Udarregirena izango dugu kasurik nabarmenena, analfabeto totala baitzen, baina Txirritak berak ere apenas zekien gauza handirik idazte kontuan. Jakinekoa da bere iloba Jose Ramon Erauskinek egiten zizkiola idazkari lanak, osabak kantatu edo esandako bertsoak apuntatuz. Dena den, Txirritaz geroztik ere eskolatu gabeko bertsolari dezente izan da; ez dut esango analfabetoak, baina bai eskola gutxikoak. Hortaz, erabateko muga garbia ezartzea oso zaila da; baina, aldi berean, Txirritaren ondotik aldaketa hasten dela ere egia da. Basarri izango litzateke aldaketaren ordezkari nagusia. Aitzitik, oraingo bertsolariak, batez ere Amurizaren ondorengoak eta, zalantzarik gabe, Egañarengandik aurrerako guztiak eskolatuak dira; asko eta asko unibertsitatetik pasatuak eta karreradunak.
Beste adierazleetako bat da batzuen eta besteen mundu erreferentziala. Lehengo bertsolarien mundua oso mugatua zen. Batetik, oso gutxi mugitzen ziren: euren auzo eta herrietan moldatzen ziren, hori zen ondo ezagutzen zutena. Hortik aurrera, munduko egoeraren berri gutxi zekiten. Batzuetan, soldaduska izaten zen mundu berriak deskubritzeko modua. Baziren Ameriketan senideak zituztenak. Hori ere iturri polita izan zitekeen zeukaten ezagutza aberasteko. Ez zen irratirik, egunkaririk ez zuten irakurtzen. Azokan, elizan eta herriko ostatuan jasotzen zuten informazioarekin bizi ziren. Bertsopaperak ere, batzuetan, laguntza handia ziren, gertaera eta kasu askoren berri ematen baitzuten. Adibidez, zenbat bertso-jarraldi eskaini ote zitzaion Beizamako krimenari? Ahozko ipuina ere ohikoa zen garai zaharretan; horietan irakasbide asko egoten zen. Horrez gain, Testamentu Zarra eta Berria eta horrelakoren batzuk izaten zituzten sukaldeko tximinia-ertzean. Udaletxeko iragarki-tauletan ez zen ipintzen oharrik, aguazilak hots egiten zituen oharrak udaletxeko balkoitik, jendea mezatatik ateratzen zenean. Komunikazio osoa ahozkoa zen, ahozko tradizio betean bizi ziren. Bestetik, bertsolari zaharrek kultura erlijioso handia zuten; erlijioari eta elizari atxikiak bizi ziren. Buruz zekizkiten dotrina eta ebanjelioko pasarterik inportanteenak. “Euskaldun, fededun” zen lema nagusia. Bertsolari zaharrak giro horretan ikasten zuen, hori zen haien kultura... Bertsotan, berriz, lagunartean eginez.
Hizkera
Lehengo bertsolariek euskaraz bakarrik zekiten, eta hori zuten eguneroko lan tresna, euskara; gaurkoak, sarri asko, erdaraz bizi dira eguneko momentu askotan: lanean, telebistaren aurrean, kalean… Alde handia dago bertsotan aritzeko euskara hutsean bizi, ahozko tradiziotik edan eta eguneroko hizkuntzan bertsotan egin edo erdaraz bizi eta euskaraz kantatu. Esan bezala, lehengo bertsolarien hizketa ahozko tradizioan oinarritua zegoen. Bertsolari klasikoek ez zuten sentitzen euskara landu beharrik. Erreminta egokia ikusten zuten egin behar zuten lanerako, nahiko zorrotza; hori bai, tokian tokikoa.
Hiztegi kontuan ere asko hitz egin beharko litzateke. Labur-labur esateko, lehengo bertsolariak hiztegi zehatza bai, baina laburra erabiltzen zuen.
Bertsoaren egikera
Gaurko bertsolariei doinu eta neurri librean uzten zaienean, inork ez dizu kantatuko 7 edo 8 puntuko bertsotik beherakorik, ezta hasi berriek ere; gainera, errepika eta guzti. Lehengoek, aldiz, ahapaldi motxa zuten maite. Azkar eta zorrotz esan nahi izaten zituzten esan beharrekoak.
Zein da ondorioa? Lehen bertso asko hartzen zirela gogoan eta oraingo bertsoak ez dagoela hartzerik. Egia osoa esateko, ba al dago premiarik ere gogoan hartzeko? Hurrengo egunean irratiak emango baititu, eta Interneten daude, nahi dituenak irakurri edo entzun. Beraz, logikoa baino ez denez, bertsoak gogoan jasotzeko ohitura eta gaitasuna galdu egin ditugu.
Bertsolari zaharrak bertsoa kantarazi egiten zion entzuleari, hurrengo egunean soroan edo zelaian behizain zebilela. Gaurkoak nekez. Besteak beste, hizkuntza aldetik ahozko eredutik urrundu delako eta ahapaldi luzeegiak kantatzen dituelako.
Memoriari lanak zaildu
Mundu osoa ados dago honetan: bertsoaren baldintza nagusia da lehenengo entzunaldian ulertzeko modukoa izatea. Horretarako, ezinbestekoa da berbaldia gogoan jasotzea, baina hori posible al da hain ahapaldi luzeak direnean? Bertsoa, berez, zirt edo zart azkar egin beharreko generoa da; bertsotan gauzak zorrotz eta labur esan behar dira. Energia kontzentratu egin behar da bertsoan, leherketa emozionantea izan dadin; bestela, arrisku handia dago “plof” geldo bat ateratzeko.
Esaten ari gara bertsoak ulerterraza izan behar duela. Bertsoaren ulermena errazten duten elementuak hauek dira: erritmo egokia, neurri juxtua, errima ona eta doinu ezaguna. Askok usteko du, oker alafede, hori guztia estetika kontua dela. Ez da horrela, baizik eta guztiz alderdi funtzionala da. Elementu horien guztien egitekoa da entzuleari bidea leuntzea, bertsoa gogoan har dezan, memoriari lanak erraztea. Ondorioz, hanka-sartze ikaragarria da txapelketan doinu berriak ateratzea. Entzuleak bertsoa gozatuko badu, doinua entzunda eduki behar du. Jakina, oreka behar da: entzunegia bada, aspertu egiten du, eta sekula entzun gabekoa bada, aldiz, haria eten.
Gaia
Lehengo bertsolariak, normalean, hasi eta noiz amaitu ez zekitela, gairik gabe aritzen ziren. Hobeto esan, eguneroko bizimodutik eta euren inguruan gertatzen zenetik hartzen zuten kanturako haria (auto-horniketa). Oraingo bertsolariei, gaiak kanpotik ipintzen zaizkie. Txapelketak ezarri du eredu hori. Gaurko bertsolariei gairik arraroenak ipintzen zaizkie, lehengo askok ulertuko ez zituzketenak; rolak ere ematen zaizkie, egoera bat errepresentatu edo pertsonaiaren baten papera egiteko.
Biografia laburra eta bertsoak
Juan Ignazio Iztueta
Juan Ignazio Iztuetarekin hasiko naiz. Onartuko ahal dit irakurleak lizentzia hori, Iztueta neure herritarra izanik. Bertso jarriak dira. Logroñoko kartzelan zegoela paratuak, 1806an. Kontxesiri dute izenburua. Hain zuzen, Kontxesi Bengoetxea Iztuetaren maitea zen. Azpeitiko kartzelan ezagutu zuten elkar. Bata, Kontxesi, haur-hilketaz akusaturik zegoen. Bestea, Iztueta, bere herriko bikarioak Inkisizioaren aurrean salatu zuelako, erlijioaren eta fedearen aurkako hitzak jaulkitzearren. Badakigu bikarioaren izena ere: Jose Ignazio Etxabe.
Izugarriak dira bertsoak. Euskal lirismoaren adierazgarrienetakoak, intimismoaren eredu paregabea. Ondo eginak, doinu sarkorra. Hitz batean, herri-poesia jasoa. Bertso horiek zirrarik eragiten ez dionak ez dakit zer beharko lukeen sentimenduak kanporatzeko. Hain dira eder! Baina lirikoaz gain, Iztueta bazen isekari eta ironikoa ere, azkeneko bertsoan ikusiko dugunez.
Maite bat maitatzen det maitagarria.
Begi ederra du-ta guztiz argia.
Daukat urruti,
bainan ezin kendu det burutik
haren itxura.
Saldu ahal baliteke pisura
urreraren truke,
nork erosi faltako ez luke.
Hogeita lau legoaz nago aparte,
bitartean badauzkat miloi bat ate,
guztiak itxirik.
Nahi arren ezin egon isilik,
beti negarrez
nere maite-maitearen galdez
ote dan bizi
bihotz-bihotz nereko Kontxesi.
Egunaz argi gutxi, gauean ilun,
kontsuelorik ez da neretzat inun
maitea gabe;
egin ote nadin haren jabe
oroitutzean,
zenbat pena nere bihotzean
dedan igaro;
maite det eta ez da milagro.
Ai, hau bakardadea eta tristura!
Nere bihotz gaixoa ezin piztu da,
hain dago hila!
Beti dabil kontsuelo bila
bere artean.
Banengo maitearen aldean
ordutxo biko,
pena guztiak lirake hilko.
Nere maitea, zutzaz ni oroitzen naiz
egunaz ere, baita gauetan txit maiz,
lotan ere bai:
zu ikusitzera nik joan nahi!
Libre banengo
hor nintzake egun bigarrengo.
Nahiz orduan hil,
ez nuke izango batere min.
Lehengo gau batean egin det amets,
bainan pentsamensua beti aldrebes
irtetzen dira;
ustez nengoen zuri begira,
maite polita,
Kofrearen gainean jarrita
kontu-kontari.
Nahi nuen baina ez nintzan ari.
Maite nerea daukat beti gogoan...
Ai, orain banengo ni haren alboan
inoiz bezala!
Jaunak amets hau kunpli dezala!
Balitz komeni,
kontsueloz hilko nintzake ni
nere ustean,
maitetxoaren bihotza ikustean.
Nere maite polita, ez da zer etsi,
bihar ez bada ere hor nauzu etzi,
lehengo lekuan.
Ailegatutzen naizen orduan
ai hura poza
nere maite-maitetxo bihotza!
Zuri begira
pena guztiak ahaztuko dira.
Zure gauza polit bat hor det nerekin
izkidaturik dago letra birekin;
C eta B dira,
askotan nago hoiei begira,
hain dira finak!
Maitetxo polita, zuk eginak
sedaz ederki,
kolkoan gorderik dauzkat beti.
Esperantzetan bizi, maite gozoa,
noizbait kunplituko da gure plazoa.
Eta orduan,
gauza txarrik ez hartu buruan
lehengoai utzi,
ez degu pasatzen pena gutxi
preso sei urtez!
Onduko gaituzte nere ustez.
Ikusten duen bezala sail osoa ipini dut. Izan ere, kentzen hasita, zein kendu?
Txabalategi eta Zabala Villbonan: 1802
Askotan idatzi izan den bezala, 1802ko otsailaren 22an bertso-desafio izugarria jokatu zen Villabonako plazan. Amezketako Zabala eta Hernaniko Txabalategi ziren protagonistak. Iztuetak esaten duenez, bera zen epailetako bat Zabalaren aldetik. Ez zuen, ordea, joaterik izan. Baina ez gaixo zegoelako. Hor gezurretan ari da. Zaldibiako «Txuri» ez zen epaile izan, Tolosako kartzelan preso zegoelako. Iztuetaren ordez Fernando Amezketarra joan zen. Txabalategik Aizarnazabalgo sakristaua izendatu zuen epaimahaiko. Bi horiez gain, bazen beste epaile bat ere. Gero sarri askotan ikusi ditugun eran, apaiza hura ere: Jose Mendizabal, Villabonako alkateak aukeratuta. Ziur gaude apaiz hura heterodoxo xamarra izango zela, ohitura aldetik bederen, zeren elizgizonek apenas begi onez ikusten zuten bertsolaritza. Iztuetak esanda dakigu hori ere.
Lau mila lagunen aurrean jokatu zen apustua. Biek kantatu omen zuten ganoraz eta primeran. Herriak oihuka eskatzen omen zuen berdinean uzteko. Halaxe egin zuten, eta epaia bertsotan eman. Aizarnazabalgo sakristauak kantatu zuen lehenik:
Txabalategi eta
Zabala gaztea,
askok desio zuten
zuten desio askok
kantuz ikustea.
Atsegin haudietan
joan da jendea.
Bata hainbeste izan
izan bata hainbeste
dalako bestea.
Ondoren, Fernandok:
Ezin gentzake bada
beste gauzik egin;
nik gogoan neukana
neukana gogoan nik
zuk dezu hitz egin.
Utzi behar ditugu
biak berdin-berdin,
Gipuzkoa guziak
Gipuzkoa guztiak
har dezan atsegin.
Gure ama zenari entzundako doinuan eta moduan ipini ditut bertsoak, baina apur bat ahaztuak neuzkan, eta Aita Zavala eta Juanito Dorronsororen bertsioak baliatu ditut, ama zenarena oinarri hartuta.
Txabalategi
Esan dugu Txabalategi herriarra zela. Gure amari ikasi nion lehenengotako bertsoa hauxe da. Doinua lehengo bera da: Bautista Baztarretxe. Doinu komodina zen hori amarentzat. Zortziko txikiko bertso asko kantatzen zuen doinu horretan. Entzun:
Fernando ta Zabala
Amezletakoak,
badakit zeratela
zeratela badakit
koplari bapoak.
Gu ez izanagatik
zuek ainakoak,
zerbai egin ginuzen
egin gizuen zerbait
ustez Jaungoikoak.
Ixuelako artzaia
Ixuelako artzainak bertsolari ona izan behar zuen derrigorrez. Behin batean, txarteletara joanda, apaizak galdetu omen zion: «Zein dira Bertute Teologalak?». Eta Ixuelak:
Lehenengoa fedea,
bigarrena esperantza.
Hirugarrengo horren badu
mila bat mudantza:
hil da karidadea,
bizi da bengantza.
Oharra: Bertso hori askotan entzun izan diot anaia Patxiri. Hark kantatzen duen bezala ipini dut, baina, badaezpa ere, Juanito Dorronsoren liburua kontsultatu dut, Bertsotan 1789-1936, eta alde handirik gabe horrelatsu dator han ere.
Hamalau heriotzena
Niri beldurra eragiten didaten bertsoak dira. Badirudi autobiografikoak direla, eta izango dira, nahiz eta bertsolari hiltzailearen izen-deiturarik ez dakigun. Anonimoen artean sartu beharko dugu. Hizkera aldetik, Gipuzkoako Beterrikoa ematen du. Honela dira azkeneko hiru bertsoak:
Santo Kristo, zurekin
konfesa nadian
zer obra egin nuen
nik Katalunian.
Lerida pasa eta
hurbil den herrian,
bost lagun bizi zire
beren familian.
Guztiak hil nituen
gabaren erdian.
Gorputzeko ikara
animako lotsa,
zeren egin ditudan
hamalau heriotza.
Aditu ezkeroztik
diruaren hotsa,
bidean atera ta:
«Botatzeko poltsa,
aterako niola
bestela bihotza».
Hogeita bost urte da
nere edadia,
nagusi on batentzat
ai zer mirabia!
Ez naiz pekatuaren
mantxarik gabia:
beti okerrerako
abilidadia,
penetan pasatzeko
eternidadia.
Garai hartako pentsamolde erlijiosoaren araberakoak dira. Ikusi egin behar da zeinen kontzienteak ziren horrelako ekintzak ekar ziezaiekeen ondorioei buruz; ondorio moralei buruz, eta zeinen zeuden prest zigorra jasotzeko. Azkeneko bertso horrek barruari ez al dio gogor erasaten? Konfesioan zeukaten esperantza bakarra eta osoa. Gaur hiltzaileak diferenteak dira. Seguruenik, arau moralik ez dutelako hiltzen dute. Ez dira beste munduko zigorraren beldur. Ez litzateke gaizki egongo azterketa konparatibo bat.
San Migelen bertsoak
Aralarko San Migelen, antza denez, lapurreta gertatu zen, 1800 aldera. Lapurrak harrapatu eta justiziatu egin zituzten. «Iruñako Korteko alkate Rodriguez» aipatzen da bertso batean, gero ikusiko dugunez. Baita lapurrei segika ibili zela ere. Badirudi hortik datorrela San Migel urtero jaisteko ohitura. Iruñara iristerakoan, errespontsoa errezatzen omen zuten lapur horien arimen alde. Ikus dena nola egin zuten «geroari eta gora begira». Munilak (egunotan Donostiako gotzain izendatua) ez zuen berehala errezatuko zenbait lapurren alde. Beste batzuen alde bai, noski!
Juanito Dorronsororen liburuan bost bertso aurkitu ditut. Laugarrena eta bosgarrena zeharraldatuko ditut hemen, egokitzapen txikiren bat edo besterekin:
Iruñeko Korteko
Alkate Rodriguez,
barka bezare, baina
bertso hau adi bez:
Berori portatu da,
aditu dugunez.
Frantziara joan ta
San Migelen galdez,
Aingeru eder hori
bilatu ahal balez.
Frantziara joan ta
San Migel topatu;
belauniko jarririk
bertan adoratu.
Berak gaitzala bada
ongi faboratu:
bizimodu onen bat
mundura logratu,
gero zeruetako
gloriaz gozatu.
Lehenengo bertso horretako “bez”, “balez” horiek ez dakit errimagatik dauden horrela, alegia lizentzia modura ala garai hartan horrelaxe esaten ziren. Polita da “barka bezare” hori ere.
Belateko lapurrak
Historia hau 1818ko abenduaren 4an, Santa Barbara egunean, hasten da edo amaitzen, segun eta nondik begiratzen diogun. Nafarroako Errege Gorteak egun horretan eman zuen epaia lau lagun urkabera eramateko. Ez da esplizituki esaten, baina badirudi, bertsoetatik ondorioztatzen denez, laurak anaiak zirela. Aita Donostiak aurkituriko hamar bertso dira guztira. Hirugarrena eta zazpigarrena ezarriko ditugu hemen:
Egun seinalatua,
zen Santa Barbara:
presente han ginenak
oroitzen ahal gera.
Sam Jose gloriosoak
gaitzala anpara,
ailegatu gaberik
munduan hartara...
Egun hartan zituzten
urkabean para.
Laugarrena joan zen
guztien atzean.
«Jesus» erraten zuen
korda paratzean.
Salbea errezatzeko
hartaz oroitzean,
hala eskatzen zuen
hark heriotzean:
asko pena zeukala
bere bihotzean.
Pello Josepe
Ez da izango Euskal Herrian arimarik bertso hauek ez dakizkienik. Guztiz herrikoiak dira. Garai batean ez zen izaten bazkalondo edo afalosterik bertso kitzikagarri hori kantatuko ez zenik. Gaia bera da pizgarri asko duena, «morbo» apur bat eragiten duena. Ez dira ohikoenak hiru puntuko bertsoak, baina tartean antzina horrelakoak ere dira. Entzun:
Pello Josepe tabernan dela
haurra jaio da Larraunen.
Etxera joanda esan omen du:
«Ez da nerea izanen.
Ama horrek berak topa dezala
hau horrek aita nor duen»
Ai, hau pena ta pesadunbrea,
senarrak haurra ukatu.
Haur honentzat beste jaberik
ezin nezake topatu.
Bihotz nereko Pello Josepe,
haur honek aita zu zaitu.
Koplak
Iruditzen zait bertsogintzak apurk-apurka eboluzionatu duela. Lehenengo aurrekaria, nire ustez, ditxolaritza da: bi lerro eta bi errimako ahapaldia. Gaztelaniaz «pareado» deitzen zaiona. Horren ondorengoa da kopla:bi puntuko ahapaldia. Kopla zaharrak, behintzat, antzekoak izaten ziren. Normalean, lauko handian kantatu ohi dira. Hauxe eredutzat har litekeena:
Han goien goien izarra,
errekondoan lizarra;
etxe hontako nagusi jaunak
urre gorrizko bizarra.
Urre gorrizko bizarra,
zilar zurizko bizkarra;
erreal txikiz egina dauka
elizarako galtzara.
Etxeko andre zabala
toki oneko alaba.
Bidean nator ondo jakinik
eskuzabala zerala.
Askan eder da garia,
haren gainean txoria.
Eraztun batek bildu lezake,
neskatxa zure gerria.
Ore-mahaian sagua,
hari begira katua.
Etxe hontako okelarekin
ez da beteko zakua.
Logika aldetik oso kuriosoak dira kopla zaharrak. Badirudi lehenengo puntuaren eta bigarrenaren artean ez dagoela lotura logikorik, baizik eta estetikoa edo erreferentziazkoa bakarrik. Dena dela, ederrak eta gozoak dira belarrirako.
Pierre Topet «Etxahun» (1786-1862)
Merezi bertsolari honetaz luze antzean mintzatzea. Guztiz interesgarri dira aztertzailearentzat haren bizimodua, haren heriotza eta haren kantuak. Eta, adli berean, ezezagunak edo gutxi irakurriak eta gaizki ulertuak. Yon Etxaide idazle handiak, nobelaz gain, badu idatzia beste liburu bat Etxahuni buruz: Etxahunen bertsoazk gipuzkeraz. Honela hasten da, Bertsotan 1789-1936 liburutik jaso dudan eran: «Zenbat eta gehiago irakurri Etxahunen bertsoak, eta irakurriz ulertu, tristura handiago bat sortzen zait ene bihotzean...Zergatik? Mingarri baitzait, Etxahunen bertso paregabeak irakurtzean euskaldunik gehienak ez direla gai egosteko ohartzea»
Etxahun 1786an jaio eta 1862an hil zen. Zorigaitza ondo probatutako gizona zen. Aitak ume-umetatik hartu omen zuen begitan. Neska bat maite eta beste batekin ezkonarazi zuten etxekoek. Emazteak amorantea omen zuen, eta hari tiro egiten ziolakoan beste bati egin zion, eta hil egin zuen. Hegiapaliako nagusi gaztea omen zen emazte Engraziren amorante hori. Hil zuena, ordea, Etxegoieniako mutil gaztea zen. Ekintza hori dela medio, kartzelan sartu zuten bigarrenez. Baina ez, lehen bezala (emaztearekin izandako gorabehera batengatik) bi hilabeterako, baizik eta hamar urterako. Hala dio gero: «Beste batek eraman dik hik behar huen kolpea, baina kobra dezakek oraindik hirea».
Kartzelatik irten zenean, ez zuen izan etxera itzultzerik, eta erromes ibili zen, batean Compostelako Santiagora, bestean Erromara... Zahartzaroan, berriz, koplari, artzain eta eskale ibili zen. Limosnatik bizi izan zen. Sukaldeko aulkiaren gainean hil zen, ez ohean. Triste eta tamalagoa nola izan pertsona baten adurra!
Etxahunen bertso asko zeukan idatzia, baina etxekoek erre egin zituzten paper horiek, deabruarenak berarenak balira bezala. Herriak gogoak hartutakoak dira gugana iritsi direnak.
Erromara zihoala kantatua:
Bertso hauek paratu ditut Unhurritzeko mendian
Errumarat abiatzeko prestaturik nintzanian.
Hil banendi ere holako bidaje luzian,
Zuberuan kanta ditzaten ene oroimenian.
Ofizialenak
Oi laborari gaxua!
Heuk jaten duk artua.
Ogi eta ardo eraikitzen
alferren asetzekua.
Halere hain haute maite
nola artzainak otsua.
Jaun apaizek predikatzen
karitate egin dezaten.
Berek, aldiz, pagatu gabe
hitz bat ez dute erraiten.
Herriko pobreak gosez eta
haiek urreak herdolitzen.
Urzapal bat
Urzapal bat badugu
herrian tristerik.
Nigarrez ari duzu
kaiolan barnetik,
bere lagun maiteak
du eta utzirik.
Kontsola ezazue
zuek, adiskidik.
Tunba bat nahi dut
lurpean ezarri,
ene gorputz tristea
gorde munduari,
ene ixter-begiek
ein dezaten irri.
Haiekin zirate
zuek ere hain sarri.
Ahaide delezius huntan
Aire atsegin hontan bi
bertso nahi dut kantatu,
ene bizitze molde-gaitza
mundu orori deklaratu.
Inori sos bat ebatsi gabe
ez eskandalurik sortu,
hamar urterako galeretan
nahi izan naute sartu.
Munduan bagira aunitz
malerus girenik,
baina inor ez etxekuak
nik bezain krudel dituenik.
Bost etxetako primu nintzen ni
amak horrela sorturik.
Munduz mundu igortzen naute
nituen denak kendurik.
Jainkuak madarika beza
Gaztalondo Topetia,
bai eta neskatila pobreetan
maodioa jartzia!
Nik batengan ezarri dudalakoz
gertatu desheratzia.
Aitajaunak egin zidan
ordeiniaren haustia.
Pazko egun batez meza nagusitan
Barkoxeko erretorea, izatez alemaniarra, handiki eta aberatsekin ongi konpontzen omen zen. Pobre eta behartsuekin, aldiz, gaizki. Elizan toki berezia omen zeukan gordea omen zeukan handizkientzat. Etxahun han omen zegoen tartean, «ez zegokion tokian», eta sakristaua bidali omen kargu hartzera. Etxahun berehala atera zen elizatik, baina atarian itxaron omen zuen, eta sekulako bertsoak kantatu erretorearen kontra. Hona bat:
Izan nauzu Sen Jakan,
Loretan eta Erruman
Aita Santien meza entzun
bi kardinalen artian.
Arropa-txar izanagatik
inork ere ez deus erran.
Joanes Otxalde
Bidarrai: 1814-1897. Bertsolari handia izan zen. Hala irakurri dut testu batean, Oxobik idatzia: «Baigorritik Maulerat ez da izan bilkura aipagarririk Otxalde bertsolaria gabe» Khantu berriak izeneko saiotik hartu dugu mostratxo bat. Ea zer deritzozuen:
Hizkuntzetan lehena nundik zen athera?
Hori dakienikan munduan othe da?
Eskualdunak zirenez Adam eta Eva,
Hoi erran dirona da Jainko Jauna bera.
Eskuara zen, iduriz, lehenik munduian
Hortaz mintzo baitziren Noeren barkuian;
Lurra ikhus orduko, mendi inguruian,
«Hara! Hara!» zioen eskuaraz orduian
Aiphu emaiten diot Eskual Herriari,
Baxe-Nabarren hasiz, Xubero gainari,
Laphurdi, Probentzia eta Nafarrori,
Gipuzkoa, Alaba, Bizkai ederrari.
Eskual herria duzu hanitz maithagarri;
Hemen badugu ogi, arno ta haragi;
Osasunaren dako airea da garbi;
Zer deskantsuan gauden hortan da ageri.
Lur hau gure ait'onek zuten hautatua,
Etsai gaixtoetarik hazkarki zaindua;
Nahiz bi aldetarat dagon zathitua,
Amodioak dauka batera lothua.
Herkulen pare ziren Kantabre zaharrak;
Bihotzez ezti eta berthutez hazkarrak;
Oro izitu ditu hek zuten indarrak;
Amorrik ez du egin nehoiz menditarrak.
Fedean hazkar ziren gure arbasoak,
Bere bizi guzian zuzenbidekoak;
Eta hartan altxatu beren ondokoak,
Hortaz laguntzen gitu gu bethi Jainkoak.
Zeru lurren Jabea, zuri oihuz gaude
Deusetan ez baikira laguntzarik gabe;
Heier bezala guri iguzu fagore,
Hori galdatzen dugu ondokotzat ere.
Bordel (1792-1875)
Luzaiden jaio zen. Baserriaren izena da Bordel. Izen hori hartu zuen bertsolari gisa. Manezaundi idazleak dioenez, daitekeen izaera eta jite berezinekoa zen, eta euskal kantak eta neurtitzak bihotzean errotik sortuak zituen. Lurra lantzen ari bazen ere, beti eramango zituen sakelan lapitza eta papera, burura zerbait etortzen bazitzaion hura idazteko. Amari ez omen zitzaion hori asko gustatzen, eta gogor egiten omen zion errieta, esanik hura ez zela lanerako modua.
Ene andregaiari
Sei ahapaldiko bertso-sorta hau berari gertutakoaren gainean jarria omen da. Herriko neska gazteren batek esan omen zuen Bordel gustatzen zitzaiola, eta Bordeli bere belarrietara iritsi mezua, sudurrera lore horren usaina. Areago oraindik: Bordelek baiezkoa emango balio, pozik ezkonduko litzateke neska. Halabeharrez, egun batean eztei bazkari batean egokitu omen ziren biak, eta hasi zio Bordel neskari koplaka. Neskak, zeharo gorriturik, mahaitik altxatu eta ihes egin omen zuen. Hura ere izango zen, bada, egoera! Hona bertso parebat:
Andere gaztia
otoi, barkatu.
Enetzat nola ote
zira mintzatu?
Uroski egundaino
ez zaitut xerkatu.
Zeren gainian zira
hola deklaratu?
Biluak urratu
beharrak banitu,
zuk ez nahiz hartu...
Zu ez bezalakorik
nahi dut hautatu.
Zu maite zaituna
ez da ene baitan.
Etzaitela, ez, egon
nahigabeetan.
Iduri nitzaizu
sobera amodiotan.
Uste baduzu ere
eztzira feiletan.
Egon naiz miletan
bertze zonbaitetan
nahiz aferretan...
Bainan ez egundaino
zure desiretan.
Gizon gozoa zela esaten du Manezaundik, baina neska gaixoak ez zuen berdin pentsatuko. Ez al dira bertso krudel samarrak?
Donostian soldadu (1823)
Urte horretan, Bordel Donostian zegoen soldadu. Han ezagutu zituen bere denborako egunik gogorrenak. Donostian zebilela, beste bandora pasatu nahi izan. Bederatzi lagun sartu ziren gordeleku ustez seguruan. Baina zer geratuko eta salataria euren artean izan! Gordelekutik atera bezain pronto erori ziren frantsesen atzaparretran. Handik aurrera ez zen makala izan haien guruzpidea, hil egin zutela etsitzerano.
Ehuna makilkada hartzera zigortu zituzten. Bordelen anaiak ere tartean izan behat zuen. Baina oso gaixo omen zegoen, eta Bordel prest azaldu omen zen berrehun makilkada hartzeko, anaiari bakean uztearren. Halaxe egin omen zuten. Hona, sei bertso sailetik, pare bat:
Mila zortziehun eta
hogeita hirurian,
zerbitzuan ginauden
Donostia hirian,
liberalitateko
bandera berrian.
Hartarik desertatu
inozentkerian.
Miserable erori
etsaien erdian.
Zortzira, ehun palo
ordenatu zauten.
Duda niz halakuek
arimarik bauten.
Ez dakit nehork ere
sinetsiko nauten
zenbat purgatorio
erakutsi zauten.
Bihotza trankilago
bizi gira aurten.
Grazien Adema «Zalduby» (1828-1907)
Bidarraiko erretore izan zen Adema. 1828an jaio eta 1907an hil zen. Poeta bertsolari izan genuen. Ezagunak eta famatuak dira segidako bertso hauek. Guztira, 10 badira ere, erdiekin konformatuko gara:
Agur eta ohore
Eskual Herriari:
Lapurdi Baxa-Nabar
Zibero gainari,
Bizkai, Nabar, Gipuzko
Eta Arabari.
Zazpaik bat besarka
Lot beitez elgarri.
Haritz eder bat da
gure mendietan,
zazpi adarrez dena
zabaltzen airetan.
Frantzian, Espainian,
bi alderdietan:
hemen hiru eta han lau,
bat da zazpiretan.
Hi haiz, Euskal Herria
haritz hori bera,
arrotza nausiturik
moztua sobera.
Oi gure arbasoak
ez, otoi ez beira,
zein goratik garen gu
jautsiak behera!
Gureak ziren lehen
bazter hauk guziak;
arbazoek utziak,
hek irabaziak.
Guri esker Frantziak
eta Espainiak
daduzkate dituzten
eremu handiak.
Gureez gure lehen
hain libro ginenak
ezin ahantzi gaude
orduko zuzenak.
Zer ametsak ditugun,
Zer oroitzapenak!
Jaungoikoak bakarrik
Badakizka denak.
Jean Baptiste Elizanburu (1828-1891)
Elizanburu Saran jaio zen, 1828an, eta hil ere Saran hil zen, 1891ean. Lehenik apaizgai eta ondoren militar izan zen. Kapitain izateraino iritsi zen. Nik ezagutzen ditudan bertso-sorta famatuena Ikusten duzu goizean izenburuduna da. Ba ote euskaldunik bertso hauek inoiz edo behin kantatu ez duenik?
Ikusten duzu goizean
IIkusten duzu goizean
argia hasten denean,
menditto baten gainean,
etxe ttipitto aintzin xuri bat
lau haitzondoren erdian,
xakur xuri bat atean,
iturriño bat aldean?
Han bizi naiz ni bakean.
Nahiz ez den gaztelua,
maite dut nik sorlekua,
aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo zait iduritzen
nonbeit naizela galdua
nola han bainaiz sortua,
han utziko dut mundua,
galtzen ez badut zentzua.
Etxean ditut nereak:
akilo, haitzur, goldeak,
uztarri eta hedeak.
Iazko bihiez ditut oraino
zoko guziak beteak.
Nola igaro urteak
emaiten badu bertzeak,
ez gaitu hilen goseak.
Landako hirur behiak
esnez hanpatu ditiak,
ahatxe eta ergiak.
Bi idi handi kopeta-zuri
bizkar-beltz, adar-handiak,
zikiro, bildots guriak,
ahuntzak eta ardiak,
nereak dire guziak.
Ez da munduan gizonik,
erregerik ez printzerik,
ni bezein urusa denik.
Badut andrea, badut semea,
badut alaba ere nik,
osasun ona batetik,
ontasun aski bertzetik.
Zer behar dut gehiago nik?
Goizean hasiz lanean,
arratsa heldu denean
nagusi naiz mahainean.
Giristino bat ona dut hartu
nik emaztea hartzean;
ez du mehe egunean,
sartuko uste gabean
xingar hezurrik eltzean.
Piarres ene semea
nahiz oraino gaztea
da mutiko bat ernea.
Goizean goizik bazken erdira
darama artaldea,
segituz nere bidea,
nola baitu egitea
ez du galduko etxea.
Ene alaba Kattalin
bere hameka urtekin
ongi doa amarekin.
Begiak ditu amak bezala,
zeru-zola bezin urdin.
Uuste dut denborarekin,
oraiko itxurarekin,
andre on bat dion egin.
Ez dugu behar lurrean,
ongi bizirik etxean,
utzi laguna gosean.
Ez du beharrak sekulan jotzen
gure etxeko atean
non ez duen mahainean
oturuntza ordu denean
leku bat gure aldean.
Ene andrea, Maria
ez da andre bat handia
bainan emazte garbia.
Irri batentzat badut etxean
nik behar dudan guzia,
galdegiten dut grazia,
dudan bezala hasia
akabatzeko bizia.
Jean Barbier
Sari asko irabazitako gizona da apaiz hau. 1875ean jaio eta 1931n hil zen. Batez ere, Baiona eta Senperen bizi izan zen. Apaiz egin eta teologian doktoretza eginik, Larresoroko irakasle izendatu zuten, eta Baionako Katedraleko bikario izan zen gero. 1913tik aurrera Senpereko erretore izan zen. 1921ean Gure Herria aldizkaria sortu zuen beste zenbait lagunekin batean. Idazle joria izan zen hitz lauz nahiz bertsoak paratzen. Antzerkia ere landu zuen. Gure bertsoekin ari gara eta hona mostra ba, hamalauko sortatik bederatzi: Amonatxo.
Oilarra kukurruka
etxean da ari.
Jadanikan amatxo
otoitzez Jaunari.
Bi eskuak ikaran,
so kurutzeari,
«Jaunak beha diezon
egun berriari!»
Atxo zinez polita
da gure amatto.
Xahar izanagatik
ez oraino ttontto.
Diruz balin bada ere
poxii bat pobretto,
omor'onez bederen
dago aberastto.
Igandetan ederrik,
iduri pampina.
Zinez erran liteke:
«Horra Erregina!»
Begia irriz dago,
halaber ezpaina:
Oi, zer atxo pollita
Jainkoak egina»
Buru sahetsetikan
motho-buztanduna,
lepo gibel aldean
mokanes urdina,
balenarik gabeko
soineko fin fina,
zaiaño bat polita
eskuez egina!
Meza-dela burrumban,
eliza-dorretik,
eta amatxo joan
landa bazterretik.
Buruaren zaintzeko
iguzki gaixtotik,
kaputxina pleguan
eman du burutik.
Arto-bizardun berde,
soropil gizenak,
sagar hori ta gorri
mahasti-aihenak.
Amatxo gaixoari
irriz daude denak:
segurki bide dira
adixkide minak!
«Intzaur, piko, gaztenak
zirezte handitu.
Zuen landatzailea
da aldiz xahartu.
Ainitz neguetako
elurra gelditu,
eta ile urdinak
zeraizko txuritu».
Herrirat heldu eta
zaia du zafratzen,
zapeteri errautsa
eskuaz, xahatzen.
Kaputxina burutik
laster beheititzen,
eta ixil ixiila
elizan da sartzen.
Zer otoitzak orduan
Aita Jainkoari!
Aingeruak barrandan
xahar maiteari!
Bertze guziak kantuz
errepikan ari...
Atxo ona mezuka
Ama-Birjinari.
Xenpelar (1835-1869)
Juan Frantzisko Petrirena Berrondo ziren Xenpelarren izen-dieturak. Senpelarre baserriaren izenetik hartu zuen bertsotarako izena. Errenteriarra bazen ere, Oiratzundik gertu dago etxe hori. Zalantzarik gabe, Euskal Herrian sortu den bertsolaririk handienetako da. Eta hori, oso gazte hil zelarik, 34 urterekin baztangak jota. Baserritarra zen, baina fabrikan egiten zuen lana. Justizia egitez gero, bertso-mostra handi samarra hartu beharko dugu:
Ahotik ahora
Xenpelarrek, hamalau urte zituela, desafioa jokatu omen zuen Hernanino plazan. Bestea,hernaniarra, laurogei urteko agurea omen. Zaharra asto gainean azaldu omen zen plazan. Honela kantatu omen zuen zaharrak:
Behin bajatu nintzan da
Ezin gora iyo.
Nere buruarekin
ez naiz oso fiyo.
Errenteitik etorrita
zenbat desafioyo!
Nere kontrariuak
sakatzeko dio.
Xenpelarren erantzuna:
Zu zinan sakian ta
ni naiz errestuan.
Jende asko bildu da
gure pretestuan,
batzuek oinez eta
besteak astuan.
Probatzeko ez gaude
paraje gaiztuan.
Olloki eta Xenpelar
Olloki, behin, bertso hau bota omen zion Xenpelarri:
Nik zer esaten dedan
guztiok aditu.
Arrozoiak bideak
ebakiko ditu.
Asko moduzko errespuestak
aditzen baditu,
Olloki zaharrak lumak
harrotuko ditu.
Xenpelarrek erantzun:
Plazara etorrita
hauxe bada jira!
Batzuek kantuan da
besteak begira.
Nik ekiten badiot
kargatu ta tira,
Ollokin txima harruak
bajatuko dira.
Iparragirre eta Xenpelar
Ez dago bertsozalerik Xenpelarrek Iparragirreri kantatu zizkion bertso haiek ez dakizkienik. Egoki iruditu zaigu antologia honetan sartzea, eta halaxe egin dugu:
Iparragirre abila dela
askori zaio aditzen;
eskola ona eta musika,
hori hoiekin serbitzen
Ni ez nazu ibiltzen
kantuz dirua biltzen
komenriante moduan;
festa debalde preparatzen det
gogua dedan orduan.
Eskola ona eta musika,
bertsolaria gainera.
Gu ere zerbait izango gera
hola hornitzen bagera.
Atoz gure kalera,
baserritar legera,
musika hoiek utzita.
Errenteriyan bizi naiz eta
egin zaidazu bisita.
Xenpelar eta Muxarro
Hurrengo bertso hauek ere esplikazio handirik behar ez dutenak dira. Bertso asko ezagutzen, aldaketak txikiak badira ere. Nik mutikotan gure etxean ikasita bezala transkribatuko ditut buruz dakizkidan lau bertsoak:
Aizak hi, mutil mainontzi,
hurrengorako gorantzi.
Ez al hekien pipa hartzea
ez zela lintzentzi?
Jenio txarrari utzi,
bestela hezurrak hautsi...
Gizalegea nola behar den
ezin erakutsi.
Nik badek gizalegea
Frantziskok baino hobea;
beste tatxarik ez zait aurkitzen:
arlote pobrea.
Jenioz ere noblea,
kortesi paregabea...
Neri hezurrak hausteko nun dek
Abilidadea?
Ziri bat sartu dit neri,
orain beste bat berari...
Abilidaderik ez duenik
ez esan inori.
Zaina ta azala lodi,
mamirik ez dek ageri...
Hezur zimelak hausten zaila dek
bazekiat hori.
Kunplitu itzak ordenak;
ez dik kalterik barrenak,
bestela parre egingo ditek
begira daudenak.
Hik nun daduzkak kemenak
menderatzeko gailenak?...
Hezur zimelak hausitzen zetik
indarra duenak.
BERTSO JARRIAK
Oiartzungo neskatxen bentajak
Iparragirren bozean ditut
bertso berriak paratu,
Gipuzkoako euskal herria
al banezake nonbratu.
Asko ezkongai daude
gustokorikan gabe,
ezin dutela topatu.
Projimuari erakustia
ezta izango pekatu.
Konsejutxo bat lehendabiziko
ezkongai dauden danentzat:
esposatzia tratu pisuba
dala iruritutzen zat.
Dote eta arrio,
ez dutela balio
amorio fiñarentzat,
zergatik izan beharko duben
hil arteraño beretzat.
Ostentazio batere gabe
hizketan dute graziya,
gorputz egoki, pausu aidoso,
lujo gabeko jantziya.
Beti alegre daude,
tristurarikan gabe,
ezaguerakin josiya;
gizonak bezin haundia dute
laneko irabaziya.
Bertso berriak
Pasaiako plazatik
dator notiziya:
zezen bat atera da
jeniyoz biziya;
kantatutzera nua
bistan ikusiya,
konsolatzeko triste
dagoen guziya.
Santiago-eguna
Pasaian siñale,
ailegatu ez danak
egin beza galde;
hasieran jendia
zezenaren alde,
azkenean ez ziran
arrimatu-zale.
Torillo-bazterreko
barrera tartian
zezena pasatu da
kolera batian.
Plazatikan kanpuan
zeudenak pakian,
erdiyak purrukatu
ditu hanka-pian.
Zezenak laja ditu
lau lagun elbarri,
gainerako erida
jendiak elkarri.
Batzuek hankapian,
ahal zuenak korri,
urrengoan hobe da
segurutik jarri.
Bi adar badaukazki
bere konturako,
puñal oberik ezta
orren bururako;
jolas-bidia jarri
digu kanturako,
gañera jendiaren
eskarmenturako.
MUTIL ZARRAREN BENTAJA
Dozena bat bertso berri,
gaztien konsolagarri,
nere mingaina sano dan arte
nahi nituzke jarri.
Begiratuaz alkarri
andrerik ezin ekarri,
mutil zaharraren despeida zer dan
esango det sarri.
Egon zaitezte aditzen
zahartuta nola gabiltzen.
Gazte denboran ezkondu gabe
erraz da gelditzen;
orain ajiak berritzen
indarrak ere urritzen.
Soldata gabe orain jarri naiz
anaia serbitzen.
Anaiak nauka mendian,
koinata aldamenian,
gazte denboraz akordatzen naiz
sasoia joanian.
Ez det gularik janian,
gau ta egun beti lanian,
ondo egin da esker gaiztua
gero azkenian.
Ilobak nauka arrotza:
«Hua hemendik horrontza!».
Nekia franko, esker gaiztua,
alimentu hotza.
Soldata gabe morrontza,
begiratua zorrotza,
animosua ez dago mutil
zaharraren bihotza.
Lehenago erromerian
dama gaztien erdian,
jira ta bira ibiltzen nitzan
panparroikerian.
Orain tristura begian,
nago estadu erorian,
pipa bat hartu ortzian eta
suaren guardian.
Nik daukadan ganantzia
badaukat nori utzia:
bi alkandora, galtza pare bat,
anaiak hautsia.
Hu da esperientzia,
munduko diferentzia,
multil zaharrari tokatzen zaio
horlako jantzia.
Horra, illoba gaztiak,
nola dauzkadan trastiak.
Irabazirik ez du izango
hoiekin sastriak.
Enredo eta nahastiak
horla dagoen tristiak,
hala ere ezin eskarmentatu
nerekin bestiak.
Andre txarraren bentajak
Milla zortzireun irurogei ta
laugarren urtian gera,
publikatutzen hastera nua
fameliyaren galera.
Andre ederra gustatu eta
ekarri nuen aldera.
Bide berriya egiña dauka
ganbaratikan kalera.
Aitak egina nuan ezkontza,
amak nahi zuen artzia.
Neronek ere pentsatu nuen
aien eskura jartzia.
Andre ederra eziñ geiago,
umila eta dultzia...
Surtan jartzian probatutzen da
nolakua dan eltzia.
Hamarretako jeikitzen bada,
armariyua iriki;
arropak hartu, hamaiketako
apainduko da ederki;
katilu-salda arduarekin,
gorputza sano eduki.
Bere burua gobernatzen du
gizona baño hobeki.
Lehengo batian, esango det noiz,
igande ilunabarra,
nere andria dantzan zebillen,
begira zeudenak parra.
Lanian ez du gogorik baina
pandangolari azkarra.
Baldin neronek ikusi banu
hautsiko niyon bizkarra.
Eskailburutik amildu eta
goitikan beheraino zuzen;
lehenndabiziko pentsatu nuen
eltze zaharren bat ote zen.
Hanka bat zeukan Bitoriyan da
bestia berriz Londresen;
gaur ere hala egongo zinan
iñor etorri ez bazen.
Heldu niyon ta han ari nitzan
andria ezin jasorik,
esan ziraten: «Erana dago,
ez egin horri kasorik!».
Total egina zegoen baina
halare ezurrak osorik.
Galdetzen zuen: «Plakiyak nago,
ez al da ardo goxorik?».
Egun guziya kanpuan pasa,
etorriko da gabian;
kopeta ilun, begiyak zorrotz,
sartutzen da sukaldian.
Ume gaxuak negarrez daude
apariyaren galdian,
artua errotan, ogiya falta,
jakiya berriz kalian.
Arduarekin adiskide ta
gizonarekin zapuztu;
gaur ere nere andriarekin
egingo nuke apustu:
Botilla haundi bat basorik gabe
baietz seguru hark hustu.
Horretan dago sufiziente,
beste bentajarik ez du.
Bertso berriak
Bertso berriyak jartzen
orain naiz abiyan,
predikatzera nua
Euskal Herriyan.
betroi bat hartu nuen
Hernanin feriyan,
ganantziya egingo
nuela agiyan;
tristura begiyan,
beti ahuleriyan,
ez haren premiyan
nere fameliyan.
Senpelarrek dakizki
Errenteriyan.
Ostegun joan danian
hamabost Hrnanin
betroi baten tratua
genduen egin.
Inaziyo saltzalle,
erostuna Fermin.
Hemeretzi ezkutu
geniyon eragin.
Sabelian du min,
iñork ase ezin,
artuari muzin,
eztu nai edozin.
Atzetik behar ditu
zazpi medezin.
Oraindik gaztia da:
hogeita sei urte;
ernari omen ditu
bost hilabete.
Nik eztiyot igertzen,
hala esan dute;
gezurra baldin bada
engainatu naute;
aragiya aparte,
hezurretan torpe,
zainak dauzki fuerte.
Zeinek nahi du merke?
Zikiro baten truke
emango nuke.
Begi bat itxua du,
adar biyak motzak,
krisellua diruri
karen kokotzak;
ikaratutzen gaitu
eztularen hotsak,
burlaka asi zaizka
elizatik hontzak;
sano dauzka ortzak,
haginak zorrotzak,
tristura bihotzak,
dantzan dabil hotzak;
ez diyo onik egin
leku arrotzak.
Borroka dabillela
juan zaizka adarrak,
ezin sujetaturik
bere indarrak.
Lurrera botatzen du
euliyaren kargak.
Talentu onak dauzka
nere betroi zaharrak.
Jendiaren farrak
ez dirade txarrak.
Ganaru elbarrak
juntura igarrak.
Burruntziya dirudi
haren bizkarrak.
Ia guriak egin du
Iya guriak egin du,
badegu zeinek agindu.
Ez oraindik umildu,
alkarrengana bildu.
Gerra nahi duen guziya...
Berari kendu biziya.
Okasiyua prestatzen,
lotan daudenak esnatzen.
Ez zait neri gustatzen
malizian jostatzen
inorekin ibiltzia;
hark merezi du hiltzia.
Gerraren bila gau ta egun,
etsaiak harturik lagun.
Arrazoi ote degun
edo zer datorkigun...
Hasitzerako pentsatu
fusilak nola dantzatu.
Ni ez naiz gerraren zale,
baizik pakearen alde.
Zeinek nahi duen galde,
berari tira, dale!
Bala bat sartu buruan,
aspertuko da orduan!
Gaitzak gerade umiltzen
eta pakean unitzen.
Ez da erraz ibiltzen
anaiak alkar hiltzen
zer dan etenditu gabe.
Hortan galduko gerade.
Gu gera hiru probintzi,
lehengo legerik ez utzi.
hoieri firme eutsi
nahiz hanka bana hautsi.
Jaiko dira berriak,
gu gera euskal herriak!
Alabes eta bizkaino,
gu gera gipuzkoano.
Aitak hil ziran baino
semeak oraindaino
legea degu guardatu,
letra zaharrik ez ukatu.
Senarrak emaztiari
Andre-zalea naiz nerez,
eta protxua nahi berez,
bikaina daukat itxurez;
hoiek gogoan daduzkeala
nabil egunez ta gauez;
ona bai abilidadez,
sasoikua ta edadez,
atso zahartutakoa ez.
Matrimonio hautsia,
bakarrik nauka utzia,
bizi beharko etsia.
Gizona morroi zarpa zarrakin,
andria galan jantzia;
ai, au zer diferentzia!
Nork artu pazientzia?
Nik daukat penitentzia!
Andrea dabil tratuan,
emanean da artuan,
legorrian da portuan.
Bere bototik salduko luke
senarra hiru kuartuan.
Isla batera barkuan
entregatzeko kontuan
ez da prezio altuan.
Ari zan, Mari Aldarte,
parrandan gastatu arte,
bizio txarrekin parte.
Etxea saldu, diruak ahitu,
orain guztiontzat kalte.
Andrea daukat alkate,
errespetoa aparte,
engainatuta naukate.
Ni nago morroi serbitzen,
besteren kargak berdintzen,
gorputza asko nekatzen.
Maitea horla ibillitzea
ez du legeak agintzen.
Hasiagatik urdintzen,
gazteak dio segitzen;
nork daki nola dabiltzen!
Lehenago gabe egondu,
akordatu naiz berandu,
ezin gerade konpondu.
Mundu honetan suerte onik
ez da neretzat izandu:
mutilzhartuta ezkondu,
orain andrea gailendu,
gaztea behar omen du.
Badauka kortejantea,
alperra ta tunantea,
pikaro balientea.
Gabetan inork sentitu gabe
irikitze'io atea,
berak nahi duen artea.
Atsegin da egotea
horlako borondatea!
Larraburu (1829-1867)
Migel Antonio Otamendi ziren izen deiturak. Oiartzungo Ugaldetxo auzoko Larraburu baserrian jaioa zen. Gazterik hil zen, 47 urterekin. Behin batean, gertakizun makurra izan zuen. Ardotxekin ari omen zen bertsotan, eta Ardotx hori mendean omen zeukan. Beste gehiago gertatzen zaion bezala, Ardotxek ezin sufritu. Tabernatik kanpora irten eta Larraburu noiz aterako zain jarri omen ezkutuan. Atera zenean tiratzen dio harria, jotzen du buruan eta bere denbora guztirako hondatuta utzi zuen. Larraburuk bertsoak ipini zizkion, bihotz onekoa izaki, barktzen ziola esanez. Ardotx eder damutu omen, negarra franko egin omen zuen, baina beradu, den alaferrik. Hiltzera zihoala bertso hau kantatu omen zuen Ardotxek:
Aingeruak jo dute
Tronpeta-soinua.
Adios, adiskideak,
Martxatzera nua.
Adios, algun hurkoak;
adios, mundua;
adios, aita ta ama,
ekarri bostekua;
adios, aiton-amonak,
zerura nijua.
Ardotx (1826-1878)
Jose Antonio Bengoetxea Lekuona zituen izen-deiturak. Oiartzungo Ugaldetxo auzoan jaioa zen. Xenpelarrek asko estimatzen omen zuen. Hain zuzen, elkarrekin sarritan ibili ohi ziren; besteak beste, urtero joan ohi ziren Lezora. Lehen aipatu dugu Larrabururekin izan zuen deskalabroa. Nafarroako Berako Exkerra bertsolariari egin zion desafioa dakargu hona:
Exekerra, nahi badezu
nerekin jarduna,
seinalatu itzazu
hila ta eguna.
Herritan hartzazu
nahi dezun laguna;
bertsutan jokatzera
atoz Oiartzuna.
Ez zaizu faltauko
Zeinek erantzuna.
Patxi Bakallao (1832-1898)
Juan Frantzisko Belaunzaran Zabala zituen izen-abizenak. Hogieta lau urterekin Hernanira ezkondu zen. Bederatzi seme-alaba izan zituen. Bogarren Karlistadan Argentinara joan zen. Bertso asko bidali zuen Argentinatik. Hauxe da horietako bat:
Kriaturak izandu
ditut bederatzi;
lau hil zitzaizkidan ta
bost ditut bizi.
Jainkoari zor dizkat
hogei mila grazi,
berak lagundu eta
denak ditut hazi.
Gozo eta gazi,
mantendu ta jantzi,
en txarrera hezi,
doktrina erakutsi...
Bost egi esan eta
hilko dek Patxi.
Eperra (1825-1906)
Manuel Jose Mitxelena zituen izen-deiturak. Oiartzungo Aiendola baserrian jaioa. Izatez, baserri arlote samarra. Herentzia zela bide, senideekin sesioan ibili zen. Baita bertso ederrak atera ere. Arrebari idatzitako batek honela dio:
Sotera Mitxelena
da horren kondukta.
Onik batere ez dauka
gaiztua kenduta:
Korrituan ipini
neri harrapatuta.
Ezin leike garbitu
lixiban sartuta.
Ardotxen anaia Antonio eta «Frailia»
Joxe Mari Elizegi zen «Frailia» deitzen zioten hori. 1859an jaio eta 1925ean hil zen. Andrea beltz samarra omen zuen. Baita besteak azkar aurpegira bota ere. Beste hori zen Juan Antonio Bengoetxea, Ardotxen anaia (1819-1899). Juan Antoniok honela kantatu omen zion Elizegiri:
Frailek erein omen du
Anea bat baba;
baliatuko zaio
urtabia bada.
Zozo eta beliak
joaten zaizka hara.
Hobe luke andre beltza
Izugarri para.
Joxe Mari Elizegiren erantzuna:
Adituak aditu,
ikusiak ikusi,
holako arrazoirik
ez nian merezi.
Ni nere andre beltzakin
kontentu nak bizi;
baina hi juan hintzan
Amerikaa ihesi.
Agustin Zakarra (1816-1886)
Asteasuarra zen. Elola Olaso deituraz. Preso egona zen, eta presondegitik ahotsik gabe etorri omen zen. Oso itsusia omen zen, baina etorri handiko bertsolaria. Behin bertso hau kantatu zion neska bati:
Saoia daukan eta
salta arin-arin;
egonda gauza hoberik
ez zion ta berdin.
Kolore txuritxuak,
begitxuak urdin.
Neska mutil-zaliak
hortan ezagun din.
Kartzelako pasadizoa honela kontatzen du:
Orduantxe ez nintzen
Entero harrua:
Oaindik kendu be daukat
orduko orrua,
zorriak jan zidaten
lepoko larrua,
lau lagun pisatu ginen
hamaika arrua.
Zakarrak bazuen lagun bat Pedro Mari izenekoa. Pedro Mari hori ezkontzera zihoan. Usadioa zen eran, bazeukan ezteietako txahala. Ikustera gonbidatu zuen Zakarra. Baita joan eta ikusi ere. Ez zen bikaina izango, bestela ez zizkion bertso hauek paratuko:
Pedro Marik badauka
eztaitako txahala.
Hiru urte badira
hori jaio zala.
Besterik ez daduka:
hezurra ta azala...
Aita San Antoniok
bedeinka dezala.
Jaunak, ikaratzen nau
txekor horren plantak;
honen gainean jarri
behar ditut kantak.
Beste askon bezela
baditu lau hankak,
ilea luzea ta
adarrak galantak.
Kontuna jartzen zaitu
zu, Pedro Maria,
pasatu ez dakizun
hemen komeria.
Eztaietan hartzen bazu
kuadrila haundia,
laister jango dizute
horren haragia.
Altzoko Imaz (1811-1893)
Manuel Antonio Imaz Garaialde zituen izen-deituran- Altzoko Legarre baserrian jaioa zen. Bertso-jartzaile ona omen zen. Erlijio-gaia erabili zuen bertso gehinetan. Hurrengo hiru bertsoak Asteasuko itsuen izenean daude, baina Imazenak dira. Asteasun bazen familia bat, ia denak itsuak zirena. Inork ipinitako bertsoak saduz aterataen zuten bizimodua. Hauek, esan bezala, Imazenak dira:
Hoiek dira desditxak
famili batenak;
harrituko dirade
aditzen dutenak.
Ongi kontsideratu
argi zaudetenak
nolakoak diraden
itsu hoien penak.
Familia osoa
Hiru itsu triste;
alkarri laguntzeko
falta degu biste.
Zeinek behin aditu du
beste horrenbeste?
Miserableogatik
erruki zaitezte.
Horra pesalunbreak
paregabekuak,
zerbait kontatu ditut
oraindainokuak.
Erremedi gaitzala
arren, Jaungoikuak...
Hartu nere paperak
txanpon banakuak.
Bilintx (1831-1876)
Joakin Gilermo Indalezio Bizkarrondo Ureña. Total, horrenbeste izen, zertarako eta, azkenean, Bilintx edo Moko deitzeko, istripu baten ondorioz aurpegia aski desitxuratua geratu baizitzaion. Amaren aldeko aitona Ayamontekoa zen, beraz andaluziarra. Donostiako Parte Zaharrean jaio zen, 1831ko apirilaren 30ean, eta hiri berean hil zen, 1876ko uztailaren 21ean, Foruak kendu zituzten egun berean. Sei hilabete lehenago granada batek hankak porrokatu zizkion.
Nikolasa Erkizia Makazaga azkoitiarrarekin ezkondu zen, 1869ko apirilaren 5ean. Hiru seme-alaba izan zituzten: Benito, 1869an (ezkondu aurretik) jaioa, Pio Frantzisko (1871) eta Maria Ana (1874). Andreari ez zitzaion abelera ederra geratu, sakipean sartzeko moduko hiru haur txikirekin.
Liberalen ingurukoekin erlazionatu zen: López Alen, Jose Manteroa, Serafin Baroja, etab. Liberalen 4. batalloian jardun zuen gerran, hirugarren karlistadan. Donostiako Printzipal Teatroaren gainean bizi zen, teatro horretan lan egiten baitzuen aspalditik.
Azkeneko gertaera nabarmen horiez gain, bestela ere asko sufritutako gizona zen, batez ere bere fisikoa zela medio. Testuinguru horretan kokatu behar da haren obra handi eta emankorra.
Bertsoak
Kontzezirentzat
Sei bertso aukeratu ditugu.
Kantatutzera indar haundiko
desio batek narama.
Kontzezi, zuri nahi dizut eman
merezia dezun fama,
gure probintzi Gipuzkoakuan
igualik gabeko dama.
Bedeinkatuba izan dedila
zu egin zinduen ama.
Zerorrek uzte ez zenuela
egon nintzaizun begira,
lehenbizikoan oinetara ta
hurrena berriz gerrira:
Oinak dituzu txiki politak,
gustagarriak txik dira.
Gerrian berriz eman litzazke
Kana bat zintak bi jira.
Handik hurrena ipini nizun
erreparua petxura.
orduantxe bai eman nizula
aingeru baten itxura.
Jainkoak berak deitu izan balit
igo nedilla zerura,
zure ondotik hara juan beharrak
emango zidan tristura.
Ondoren jarri nintzan denboran
begiratuaz lepora,
bihotzak salto egiten zidan
irten nahian kanpora.
Irten ta zuzen, badakit zierto,
juango zan zure kolkora.
Nik jakitera nahi zenuela
utziko nion gustora.
Atentziua begietara
paratu nizun segiran;
ez dakit zierto begiak edo
eguzki berri bi ziran.
Ondo ikusi ez nizkizun ta
nola esango det zer diran?
Begiratutzen nizun guzian
bista kendutzen zenidan.
lle beltz eder dizdizaria
oparo dezu buruan;
konparatzeko balio duben
sedarik ez da munduan.
Trentzak eginik zenekan dana
erregin baten moduan.
Diamantezko koro eder bat
falta zitzaizun orduan.
Zaldi baten bizitza
Horra sei bertso kale
garbitzaileari,
zeina bere izenez
dan Joxe Mari;
erreza lezazkike
hiru Abemari,
indarra etortzeko
zaldi zuriari;
animali ori
urriki zait neri,
falta du ugari
egoteko guri.
Kartoiakin egiña
dala dirudi.
Goizero behar dio
eraso lanari,
zikinak bildu arte
herri danari;
berriz ere hobeto
bizi ez danari
nabarbenduko zaizka
ezurrak ugari;
ez naiz txantxaz ari,
eta, Joxe Mari,
zaldi gaixuari
nahi aina janari
eman zaiozu, jartzen
ote dan lodi.
Lana sobra du baina
janaria falta,
urrikigarria da
dakarren planta;
gaixuak ez lezake
luzaro aguanta,
flakiarekin ezin
mugitu du hanka;
pentsu gutxi jan ta
kalian jiraka, .
gaizki bizi da ta
indarrik ez daka;
ezin karriatu du
karro bat kaka.
Munduan ez liteke
zaldirik arkitu,
duenik horrek aina
pena sufritu;
bihotzik gogorrena
lezake kupitu,
ez du zahartzera txarra
gaixuak atxitu;
pausua nagitu,
ezin da mugitu,
gutxienaz ditu
zazpi espiritu,
bestela bizirikan
ezin segitu.
Pozez eta bildurrak
Hiru bertso hartu ditugu
Dama gazte polit bat
bada Donostian,
berdinik ez duena
zeruan azpian.
Bihotza mugitzen zait
modu txit eztian,
nere pensamentura
datorren guztian.
Bere jatorrez duen
patxara finian,
bidia pasatzen du
pauso arinian;
lurrik ez du zanpatzen
txoriak ainian,
txutik juango litzake
uraren gainian.
Juramentua
Begi urdinak dituzu eta
arpegi zuri-gorria,
nere bihotzak maite zaituen
aingeru zoragarriya;
zumia bezin biguina eta
mehea da zure gerria,
estutu bage hartu liteke
bi eskuekin neurria.
Lengo batian, izar berriya,
ongi fortuna nerian,
maite ninduzun galdetu eta
baietz erantzun zeniran;
pozakiñ iya zoraturikan,
aditu eta segiran,
beso eskuia estutu nuben
zure gerriyaren jiran.
Neri begira gelditu zinan
burua triste etzanaz,
ni ere zuri begira negon
«Maite neria!» esanaz.
Luzaro hala egondu ginan
suspiriuak emanaz,
biok elkarren begietatik
amodiua edanaz.
Ongi penakin askaturikan
zure gerritik besua,
ez zait ahaztuko nola esan nizun
«Nere maitetxo gozua!
Zorionaren ekartzailea,
izar amodiosua,
zu adoratzen igaroko det
nere bizitza osua!
Maite nazula lehen esan dezu,
berriz esan zazu arren!
Ez naiz entzutez gogobeteko
mila bider esan arren.
Nun ta zeruak erabakia
beste moduz ez dakarren,
denbora gutxi barrun gu biok
izango gera elkarren.
Imajiña bat zilarrezkua
kordoi batekin lotua
begiz aurrian jarri zenidan
kolkotik ateratua,
zeinetan zegon gurutzeturik
Jaunaren Seme santua
«Honen aurrian —esan zeniNan—
egizu juramentua!»
Faltsiarikan ez zeguela
nere bihotz xamurrian,
proba emango nizun eguna
arkitzen zala urrian;
begiratua imajinan ta
belaun eskuia lurrian,
juramentua eskeni nizun
Jaungoikoaren aurrian.
Fintasunakin kunplituko det,
ez da zer egon zalantzez,
denborarikan igaro gabe
gogo txarrezko balantzez;
erakutsitzen baldin badizut
faltsiarikan mudantzez,
nere bihotza bete dezala
damutasunak arantzez.
Beti zutzaz pentsatzen
Dama gazte bat ezagutzen det
dirudiena izarra,
eguzkiari kopetetikan
saltatutako txingarra;
bihotz nerian hala piztu du
amodiozko su-garra,
nola mendian piztu lezaken
tximistak arbol igarra.
Beti goguan zauzkatan dama
izarra diruriena,
eguzkiyaren beharrik gabe
argi egiten dezuna;
berdin gabeko amodiua
sentiarazten nazuna,
aditzera ezin eman liteke
dizutan maitetasuna.
Nere begiak beren aurrian
ikusten ez bazaituzte,
gixaraxuak eta bihotza
egoten dira txit triste;
sinista zazu mundu guztian
ez dala inor ni beste,
zu maitatzeko kapaz danikan
merezi dezun hainbeste.
Gau eder alai haietako bat
gertatutzen dan orduan,
izarrak dizdiz egiten dute
zeruko urdin puruan;
diferentzirik batere gabe,
zuk nere pensamentuan
dizdiz halaxen egiten dezu
nola izarrak zeruan.
Ia gozua izango al dan,
enamoraturik dana,
ama on batek haur maitiari
ematen dion laztana?
Halare bada beste gauza bat
askoz gozuago dana:
zureganako amodiua
nere bihotzak daukana.
Nork idukiko zaitu nik bezin
istimazio haundian,
animatikan maite bazaitut
erotutzeko zorian?
Amodiozko naitasunakin
gorderik erdi-erdian,
bihotz nerian hala zaukazkit
nola ninia begian.
Bost urte diran ez dakit baño
benepein badirade lau,
faltatu gabe nere oroitzan
zaudela egun eta gau;
zu itsumenez maitatutzeko
zeruak sinalatu nau,
ahalik lenena premia zazu
egiazko naitasun hau.
Jai-jai
Behin batian Loiolan
erromeria zan,
hantxen ikusi nuen
neskatxa bat plazan;
txoria bainan ere
arinago dantzan.
Huraxen bai polita,
han politik bazan!
Esan nion desio
senti nuen gisan,
harekin hizketa bat
nai nuela izan;
erantzun zidan ezik
atsegiñ ar nezan,
adituko zidala
zer nahi nion esan.
Arkitu ginanian
inor gabe jiran,
koloriak gorritu
arazi zizkidan;
kontatuko dizutet
guztia segiran,
zer esan nion eta
nola erantzun zidan.
«Dama polita zera,
polita guztiz, ai!
Bainan halare zaude
oraindik ezkongai.
Ezkon gaitezen biok!
Esan zadazu bai!»
«Ni zurekin ezkondu
Ni zurekin? Ja-jai!»
Juana Bixenta Olabe
J. Bixenta:
Nagusi jauna, hauxen da lana,
amak bidaltzen nau berorrengana.
N. jauna:
Ai, bidaldubo bazinduke maiz!
Zu ikusita konsolatzen naiz.
Sinista zazu
oso zoraturikan naukazu!
Horren polita nola zera zu?
J. Bixenta:
Amak esan dit, etxeko errenta
pagatzeko dirurik ez zuen-ta,
ia egingo dion mesede,
hilabetian gehienaz ere,
itxogotia; (sic)
bara zierto dala ematia
pasa baño len hilabetia.
N. jauna:
Logratutzia, errex halare,
nahiz hori ta beste zernai gauza're,
seguru dala esan amari,
zu baldin bazatoz mandatari;
dudarik gabe,
nere borondatiaren jabe
zu zera, Juana Bixenta Olabe.
J. Bixenta:
Beraz bertatik nua etxera
poz haundi bat amari ematera;
orain adio, nagusi jauna,
presaka juan biat amagana.
N.jauna:
Ez zuazela;
portatu zaite nik nai bezela,
gaur etxera juan ez zaitezela.
Zuen etxia dago urruti,
bidian zer gerta izan bildurti;
bada ia pasa da eguna,
arratsa berriz dator iluna;
orain juatia
txartzat eduki, nere maitia;
gaur hemen bertan gera zaitia.
Ez juan etxera, bide hoietan,
gauaz, bakarrik eta ilunbetan;
kontura erori zaitia zu:
gauaz ilunbian juan biazu
peligro haundiz,
eta hobe dezu ehun aldiz
bihar goizian juan egun argiz.
J. Bixenta:
Ezetz etsia egon liteke,
ni hemen gelditu ezin niteke;
amak espero nau gauerako,
eta hark espero nauelako,
juan behar det nik;
alaba ikusi bagetanik
amak izango ez luke onik.
N. jauna:
Hemen zuretzat dira parako
jaki txit goxuak afaitarako;
erariya berriz, —Jaungoikua!—,
hilak piztutzeko modukua
ardo ondua,
ontzen urtietan egondua,
Malagatikan da bialdua.
J. Bixenta:
Jauna, berorrek, bainan alferrik,
badaki armatzen lazo ederrik;
lazua ehiz bage gera dedin,
nere etxian nahi ditut egin
afaldu ta lo;
nahiago ditut hango bi talo,
ta ez hemengo milla erregalo.
N. jauna:
Bihotz nereko dama polita,
asmoz muda zaite, hauxen tori-ta
hamasei duroko urre fina,
sendatu nahi zazun nere mina,
J. Bixenta:
Ez, jauna, ez, ez!
Merezi bezin kopeta beltzez,
esango diot ezetz ta ezetz!
N. jauna:
Gainera berriz, Juana Bixenta,
utziko dizutet etxeko errenta
kito zor didazuten guzia,
kunplitzen banazu kutizia.
J. Bixenta:
Lotsa gogorra!!
Sufritzen dago gaur nere onra,
penaz malkuak darizkit horra!!
N. jauna:
Nik ditut kulpak, ez egin negar,
horlakorik ez nizun esan behar;
animan sentitutzen det mina
zuri ofensa ori egina.
Maldiziyua!
Ez dakit nun nekan juiziua,
eskatzen dizut barkaziua!
J. Bixenta:
Barkaziua, du-ta eskatu,
nere bihotz onak ezin ukatu;
erakutsi ditalako, jauna,
gaitz eginaren damutasuna,
konforme nago;
ez egin ta ofensa gehiago,
gaurkua oso ahaztutzat dago.
N. jauna:
Berriz nik egin zuri ofensa?
Arren horlakorik ez bada pensa!
Zaukazkit neskatxa fin batetzat,
eta gusto haundiz emaztetzat
hartuko zaitut;
bihotzetikan esaten dizut,
zuretzat ona baderizkizut.
J. Bixenta:
Hori egiaz baldib badio,
neregana egon liteke fio;
bainan usatuaz kortesiya,
ama neriari lizentzia
eska bezaio.
N. jauna:
Hori gustora egingo zaio,
bihar goizian juango naitzaio.
J. Bixenta:
Banua orain.
N. jauna:
Atoz honuntza,
biderako hartu zazu laguntza.
Adi zazu, morroi Joxe Juakin
etxera farolan argiakiñ
aingeru honi
gaur zuk laguntzia da komeni,
kezketan egon ez nadien ni.
Morroiak:
Aingeru hari lagundu eta
horra, jauna, egin ostera buelta;
bidean, bai, bildurtxo zan bera,
bainan ailegatu-ta etxera
kontentu zegon;
orain kezketan ez du zer egon,
ohera juan ta pasatu gau on.
Heldu zanian hurrengo goiza,
nagusiak zuen kunplitu hitza.
Juan zitzaion amari etxera,
andretzat alaba eskatzera;
amak txit firme
hartu ta gero milla informe,
gelditu ziran biak konforme.
Handik zortzi bat egunetara,
edo hamar ziran ez dakit bada;
ez, hamar ezin zitezken izan,
handik zortzi egunera elizan
ezkondu ziran;
ezkondu ta etxera segiran,
jendia franko bazuten jiran.
Bost hilabete edo sei hontan
ez dirade beti egondu lotan;
eman dute zenbait jirabira
eta gozatutzen bizi dira
ditxak ausarki;
hobeto ezin litezke arki,
espero dute haurtxo bat aurki.
Dama gaztiak, ez egon lotan,
begira zaitezte ispilu hontan
gustatuta birtute ederra,
andretzat hartu bere maizterra
du nagusiak;
horla irabaztera graziak
saia zaitezte beste guziak.
Potajiarena
Egunaren izena
ez dakit nola zan,
baina seinalagarri
partidu bat bazan,
pelotan jokatzeko
Oiartzun'go plazan;
nahi det nere orduko
gertaera esan,
hurrenguan beste bat
eskarmenta dezan.
Partidua jokatzez
bukatu zanian,
ostatura juan nintzan
zuzen-zuzenian;
mahaiera jana ekartzen
hasi ziranian,
apaiz bat serbitzen zan
aurren-aurrenian,
makina bat sartu zan
haren barrenian.
Zintzur ona zuela
klaro sinaliak
eman zituen apaiz
barbantzu zaliak;
dozenaka tragatzen
zituen aliak,
maskatu ere gabe
tripazai jaliak,
halako aixa nola
antxua baliak.
Tragatutzen zituen
ihar da eziak,
ez ziran haren dina
zetozen klasiak;
ekarri orduko zeuzkan
tripara pasiak
kortesia gabeko
txapela luziak;
harek nahikua jan ta
ni berriz gosiak.
Nere ditxa guziak
badute ajia,
noski naiz Jaungoikoak
ahaztutzat lajia;
gosiak egin nuen
hango biajia,
kulpa duenarentzat
daukat korajia,
apaiz batek jan zuen
nere potajia.
Geroztik ostatuan
sartu ordurako,
galdia egin bage
ez det nik lajako
egun hartan apaizik
ote dan harako;
ez apaiz jaun guziak
igual diralako,
baizik batek bildurra
sartu zidalako.
Izazu nitzaz kupira
Loriak udan intza bezela
maite det dama gazte bat,
hari hainbeste nahi diotanik
ez da munduban beste bat;
iñoiz edo behin pasatzen badet
ikusi gabe aste bat,
bihotz guztira banatutzen zait
halako gauza triste bat.
Neskatxa gazte pare gabia,
Apirilleko arrosa,
izarra bezin dizdizaria,
txoria bezin airosa;
oraintxen baino gusto gehiago
nik ezin nezake goza:
zori onian ikusten zaitut,
nere bihotzak hau poza!
Ez al didazu antzik ematen
nik zaitutala nahiago,
ai, mariñelak gau ilunian
izarra baino gehiago?
Nere onduan zauzkatalako
pozez zoraturik nago,
zu ikustiak alegratu nau,
triste neguen lehenago.
Nik hainbat inork nahi dizunikan
arren ez zazula uste,
nere begiak beren aurrian
beti desio zaituzte;
eguzkirikan ikusi gabe
txoria egoten da triste,
ni ez nau ezerk alegratutzen
zu ikustiak hainbeste.
Arpegi fiña, gorputza berriz
ez dago zer esanikan,
izketan ere grazi ederra,
ezer ez dezu txarrikan;
mundu guztira miratuta're
zu bezelako damikan
agiyan izan liteke baño
ez det sinisten danikan.
Nere betiko pentsamentua,
nere konsolagarria,
zu gabetanik ezin bizi naiz,
esaten dizut egia;
zu bazinake arbola eta
ni baldin banitz txoria,
nik zu ziñaken arbol hartantxen
egingo nuke kabia.
Amodiuak nere bihotza
zureganuntza darama,
herri guztian zeren dakazun
neskatx bikainaren fama
beste fortunik mundu honetan
ez det desiatzen, dama:
haur batek berak izan gaitzala
ni aita eta zu ama.
Falta duenak logratutzeko
hitz egitia txit on du,
eta nik ere saiatu biat
ote gintezken konpondu;
gaur nagon bezin atrebitua
sekulan ez naiz egondu,
argatik golpez galdetzen dizut
nerekin nahi’zun ezkondu.
«Ezkondutziak izan behar du
preziso gauza txarren bat!»
Hala esaten ari zait beti
nere konsejatzaile bat;
halaxen ere aren esanak
oso utzirik alde bat,
ongi pozikan hartuko nuke
zu bezelako andre bat.
Zerorrek ere ongi dakizu
aspaldi hontan nagola
zuregatikan penak sufritzen,
bainan ordia au nola!
Halaxen ere nigana ezin
bigundu zaitut inola;
ni zuretzako argizaia naiz,
zu neretzako marmola!
Nere bihotza urtzen dijua
eta ez da misteriyo
penaren kargak estutu eta
zumua kendutzen dio;
begiak dauzkat gau eta egun
eginikan bi erriyo,
beti negarra dariotela
zu zerarela medio.
Zu zeralako medio baldin
juaten banaiz lur azpira,
gero damua eta malkuak
alperrik izango dira;
behi juan ezkero hoien birtutez
berriz ez niteke jira,
hori gertatu baino lehenago
izazu nitzaz kupira!
Bihotz eritua
Askok diote kantetan beti
amore-kontu naizela,
nik esaten det harriturikan
motibo gabe daudela.
Zer egin biat baldin zeruak
doaitu banau horrela?
Ez dute ikusten usaia mendak
bere jatorrez duela?
Nere bibotzak amodiua
mendak usaia bezela.
Triste bizi naiz eta
hilko banitz hobe,
badauzkat bihotzian
zenbait atsekabe;
dama bat maitatzen det
bainan... haren jabe
sekulan izateko
esperantza gabe.
Nere bihotz gaixua
penatua dago,
ezin egon liteke,
ai!, penatuago;
pasatzen ditutala
aspaldian nago
egunak triste eta
gauak tristiago.
Amorez eritua
zenbait denbora ontan,
gaurik ez det pasatzen
soseguzko lotan;
penaren kargarekin
urtuta, frankotan
kanpora irteten zait
bihotza malkotan!
5
Hauxen da mina laister
hil behar nauena,
kupitutzen ez bada
senda lezakena;
hain arkitutzen zaizkit
sartuak barrena
animan tristura ta
bihotzian pena.
Zein ote dan ezinik
kontura erori,
kutizia jaioko
zaiote askori;
nik ordian ez diot
esango inori,
berak badaki eta
bastante det hori.
Aingeru zoragarri,
mirabe laztana,
pentsamentu nerian
beti zauzkatana;
bihotzaren erditik
maite zaitutana,
zu zera neretzako
nahi zinduzketana.
Nere amodiua
hain fina izanik,
beti goguan zauzkat
ahaztu gabetanik;
ez da mundu guztian
inor kapaz danik,
dama, zu maitatzeko
hainbeste nola nik.
Ez zaitut ikusitzen
desio hainbeste,
ditxa hori logratzen det
inoiz edo beste;
eta ez detanian
logratzia uste,
hura triste ibiltzen naiz!
Jesus, ura triste!
Ezin bizi zu gabe,
hau amodiua!
Logratzen ez bazaitut,
zer martiriua!
Ez badezu desio
nere eriua,
zuregan arkitzen da
erremediua.
Erregututzen dizut,
o Jesusen Ama,
nitaz kupi dedila
maite detan dama;
bihurtzen badidazu
bihotzera kalma,
kantaz banatuko det
milagruen fama.
Domingo Kanpaña
Mando baten gainian
Domingo Kanpaña,
ez dijoa hutsikan
asto orren gaina;
azpian dijoana
mandua da, baina,
gainekua ere bada
azpikua aina:
mando baten gainian
bestia, alajaña!
Hondarribiako Joxepari desafioa
Aspaldian, Joxepa,
famatua zeunden,
gu berriz ikusteko
desiotan geunden;
Ondarrabi aldian
aditzen genduen
dama bertsolari bat
nola bazeguen,
zeinak Euskalerrian
parerik ez zuen.
Egiak ote ziran
famaren hots haiek,
bisitatu zindugun
zenbait jakin zalek,
hamar edo hamabi
donostiatarrek;
haiekin batian zan
bizar haundi harek,
izkribatzen dizkitzu
zuri bertso hauek.
Ni bertsolaria naiz
bainan det aditu
ez nitzaizula zuri
hala iruritu;
zuk horla pentsatzia
ez da zer harritu
nere jakinduririk
ez nuen argitu,
zergatikan ez nitzan
premian arkitu.
Baliteke iristia
premia horretara,
agindu zenidala
goguan det bada,
prestaturikan nere
desiuetara;
baldin dibertsio bat
nai banuen para,
etorriko zinala
Errenteriara.
Egizu nahi zunian,
dama, etorrera,
zuregan utzitzen det
egunan aukera;
ipintzen badidazu
horrelako era,
aprobetxatu gabe
ez niteke gera,
alkarrekin berriro
mintzatuko gera.
Arkitzen baldin banaiz
orduan umorez,
proga emango dizut
lehenagoko ordez,
beste inori bainan
gustorago doblez,
gero juzga dezagun
ezaguera hobez,
ia bertsolaria
al naizen edo ez.
Doloresi
Zein dan nahi al zenuke
jakin, daguena
nere bihotz gaixuan
sartua barrena?
Bai? Banekien zala
nahiko zenuena;
beraz, jakin dezazun
ahalik laisterrena,
eskribitzera nua
D ta O aurrena,
L eta berriz O
eleren hurrena,
R ta E ondoren
S bat azkena;
orain letzen badezu
segiduan dena,
nere maite politak
horla du izena.
Bilintxek Udarregiri
Donostiako Igeldon obran ari zirela, Udarregi gaztea itzain omen zebilen. Sartu da tabernaren batean eta Bilintxekin topo egin. Arropak lohi eta lokataz estalita omen zeuzkan usurbildarrak, eta Bilintxek kantatu omen zion:
Galtzetan badaduzkak
hiru arrua lohi,
gainerazkuan berriz
zenbait urre galoi:
Etxian haizenian
agintzen dek doi-doi,
kanpora ateraz gero
edozeinen morroi.
Joxe Mari Iparragirre Alberdi (1820-1881)
Urretxun jaio zen, eta Ezkio-Itsasoko Zozabarro baserrian hil zen. Ez dakit har daitekeen bertsolaritzat, baina uste dut bertso-jartzailetzat har genezakeela. Bereak kantuak dira, baina bertsoen egitura eta estiloan osatuak.
Lehenengo karlistadan, 14 urte zituela, ikastetxetik ihes egin eta Gipuzkoako karliesten partilan sartu zen. Bergarako Besarkadaren ostean (1839), atzerrira doa, Europa aldera; eta, gitarra lagun zuela, kantuan ibiliko da. Gero Uruguay eta Argentinan eman zituen 23 urte, artzantzan Euskal Herrira itzuli eta, esan bezala, Ezkio-Itsason hil zen.
Adio Euskal Herriari
Gazte-gaztetandikan
herritik kanpora,
estranjeri aldean
pasa det denbora. (bis)
Herrialde guztietan
toki onak badira,
baina bihotzak dio
zuaz Euskal Herrira. (bis)
Lur maitea hemen uztea
da negargarria,
hemen gelditzen dira
ama eta herria. (bis)
Urez noa ikustera
bai mundu berria.
Oraintxe bai naizela
errukigarria. (bis)
Agur nere bihotzeko
amatxo maitea,
laister etorriko naiz,
konsola zaitea. (bis)
Jaungoikoak bada nahi du
ni urez juatea,
ama zertarako da
negar egitea? (bis)
Nere etorrera
Hara nun diran mendi maiteak,
hara nun diran zelaiak,
baserri eder zuri zuriak
iturri eta ibaiak.
Hendaian nago txoraturikan,
zabal zabalik begiak,
hara Espainia lur hoberikan
ez du Europa guziak.
Gero pozik bai Donostiara
Okendoarren lurrera,
zeru polit hau utzi beharra
nere anaiak hau pena!
Irutxulueta maitagarria
lore tokia zu zera,
Veneziaren grazi guziak
gaur Donostian badira.
O Euskal Herri eder maitea,
hara hemen zure semia...
bere lurrari mun egitera
beste gabe etorria:
Zuregatikan emango nuke
pozik bai nere bizia,
beti zuretzat hil arteraino
gorputz ta anima guzia.
Agur bai, agur Donostiako
nere anaia maitiak,
Bilbaotikan izango dira
aita zaharraren berriak,
eta gainera hitz neurtuetan
garbi esanez egiak,
Sudamerikan zer pasatzen dan
jakin dezaten herriak.
Gitarra zahartxo bat
Gitarra zahartxo bat det
nik nere laguna;
horrela ibiltzen da
artista euskalduna:
Egun batean pobre,
bestietan jauna.
Kantatzen pasatzen det
Nik beti eguna.
Nahiz dela Italia
orobat Frantzia,
bietan bilatu det
mila malizia.
Korritzen badet ere
nik mundu guzia,
maitatuko det beti
nik Euskal Herria.
Jaunak ematen badit
neri osasuna,
oraindik izango det
andregai bat ona;
nahi badet frantsesa
iteresa duna,
baina nik nahiago det
hutsik euskalduna.
Adio, Euskal Herria,
baina ez betiko:
Bost-sei urte honetan
ez det ikusiko!
Jaunari eskatzen diot
grazia emateko,
nere lur maite hontan
bizia uzteko.
Gernikako Arbola
Guztira zortzi bertso dira. Guk lau aukeratu ditugu.
Gernikako Arbola
da bedeinkatua,
euskaldunek artean
guztiz maitatua.
Eman ta zabal zazu
munduan frutua.
Adoratzen zaitugu
Arbola santua.
Mila urte inguru
esaten dutela
Jainkoak jarri zuela
Gernikan Arbola.
Zaude bada zutikan
orain da denbora.
Eroritzen bazera
arras galdu gera.
Ez zera eroriko,
Arbola maitea,
baldin portatzen bada
Bizkaiko Juntea.
Laurok hartuko degu
zurekin partea,
pakean bizi dedin
euskaldun jendea.
Beti egongo zera
udaberritua,
lore aintzinetako
mantxa gabekua.
Erruki zaitez, bada,
bihotz gurekua,
denbora galdu gabe
emanik frutua.
Zibilak esan naute
Zibilak esan naute
biziro egoki
Tolosan behar dala
auzia erabaki.
Gitzapean sartu naute
poliki-poliki;
negar egingo luke
nere amak baleki.
Jesus tribunalean
zutenean sartu,
ez zion Pilatosek
kulparik bilatu.
Neri ere ez aurkitu arren
ez didate barkatu.
Zergatik ez dituzte
eskuak garbitu?
Kartzelatik atera,
fiskalen etxera
abisatu zidaten
joateko berehala;
ez etortzeko gehiago
probintzia honetara.
Orduan hartu nuen
Santander aldera.
Ezkogaietan zerbait banintzen
Ezkongaietan zerbait banintzanezkondu eta ezer ez; (Bis)ederzalea banintzan ereaspertu nintzan ederrez;nere gustua egin nuen taorain bizi naiz dolorez
Nere andrea andre ederraezkondu nintzan orduan, (Bis)mudatuko zen esperantzarikere bat ere ez nuan,surik batere baldin badagomaiz dago haren onduan.
Zokoak zikin, tximak jario,haurra zintzilik besoan; (Bis)adabaki desegokiagorikgona zahar haren zuloan;hiru txikiko botila handiadauka bere alboan.
Nere andrea goiz jeikitzen dafestara behar danean; (Bis)buruko mina egiten zaiohasi baino lehen lanean.Zurekin zer gertatuko zannik bildurrik ez nuan!
Ume eder bat
Ume eder bat ikusi nuen
Donostiako kalean.
Hitz erditxo bat hari esan gabe
nola pasatu parean?
Gorputza zuen liraina eta
oinak zebiltzan airean.
Ederragorik ez det ikusi
nere begien aurrean.
Aingeru zuri paregabea
Euskal Herriko alaba,
usterik gabe zugana beti
nere bihotzak narama.
Ikusi nahian beti hor nabil,
nere maitea, hau lana!
Zoraturikan hemen naukazu
beti pentsatzen zugana.
Galai gazteak galdetzen dute
aingeru hori nun dago?
Nere maitea nola deitzen dan
ez du inortxok jakingo.
Ez berak ere ez luke nahiko
konfiantza horretan nago.
Amodiodun bihotz hoberik
Euskal Herrian ez dago.
Udarregi (1829-1895)
Juan Jose Alkain Iruretagoiena ziren haren izen-deiturak. Aiako Uztaeta baserrian jaio zen. Baina oso gazterik aldatu zen Usurbila. Hasieran, Udarregi baserrian bizi izan zen, baina gero Artikula Handi baserrira joan. Halabeharrez auzoan, Artikula Txiki baserrian, beste bertsolari bat bizi zen: Manuel Olloki. Nekazaritzan atera zuen bizimodua. 66 urterekin hil zen, gero Gasteizko gotzain izango zen Mateo Mujika lagun zuela.
Udarregi asko ibili zen herriz herri kantuan. Hala ziurtatzen da orduko aldizkarietan. Argibide gisa esan dezagun analfabetoa zela. Hala ere, bertsopaper asko argitaratu zuen. Usurbilgo organistak laguntzen zion Udarregik buruan pasatakoa paperean ipintzen. Bertsolari handia izan zen Udarregi, bai bat-batean eta bai paperean paratzen.
Orain paretesitxo bat onartu behar didazue. Konturatzen al gera zenbat bertsolari, goi mailako, izan den Gipuzkoan XIX. mendean? Iparragirre, Udarregi, Pello Errota, Bilintx, Xenpelar, Pedro Mari Otaño, eta segituan Txirrita. Azken honek 9 urte zituen Xenpelar hil zenean. Gero ere izan da bertsolaririk Gipuzkoan, baina, nire ustez, XIX. mendea da urrezko aroa. Bat-batean ez ezik, bertso-jartzaile handiak dira bertsolari horiek. Herria da beste inplikatua. Orain ez bezala, orduan bertsoak buruz jasotzen zituen. Gaur zertarako balio dute, adibidez, bertso-paperek?
Esan dugu Olloki eta Udarregi auzoak zirela. Behin batean, Ollokik gaizki hartu omen zuen bertsotan Udarregiren aita. Triste joan omen zen etxera, eta semea konturatu. Galdetu omen zer zuen, eta Ollokik gaziki hartu zuela bertsotan erantzun semean. Hala, ilunabarra heldu omen zen, eta Udarregi gaztea eta Olloki kantuan hasi. Hau Udarregiren bertso bat:
Aspaldian harro zabiltz,
Manuel Olloki,
gure kontra mintzatzen
zerade galanki.
Zu nagusi zinake
bestek ez baleki.
Gu’re bizi gera ta
ibili poliki.
Sastre Gregoriori
Sastre Gregorio, Udarregiren ustez, bertsolari ona zen. Baina Pello Errotak ez omen zuen gogoko. Eta honela kantatu zion Udarregik:
Onrak merezi dizkik
sastre Gregoriok,
hua hil ezkero dituk
harrokeriok.
Heu gehiago haizela
zertarako diok?
Gauza hori nola da
bazekiu gehiok.
Hari zer nahi diok?
Errezok egiok,
nahi baldin badiok,
hik eta nik biok.
Hildakoai pakean
utzi akiok.
Udarregiren aita ere –lehen ere esan dugu zerbait– nahiko bertsolari ona izango zen. Dirudienez, abenturero samarra ere bai: Hirurogei urterekin Amerikara joan omen zen, familia osoa hemen utzita. Han, ordea, zakurrak hanka-hutsik. Gauzak gaizki atera omen zitzaizkion. Berriro itzuli beharrean gertatu zen. Bertsoak ipini zituen, eta horietako bat hauxe da:
Sei harrua ta erdi banintzan,
orain jetsi naiz bostera.
Hau da munduko deifeentzia
egun batetik bestera.
Sosik baneuka Euskal Herrira
joango ni