ixo 5.000 hitz - | | other words literatureotherwordsliterature.eu/uploads/work/ixo_1987.pdf ·...
TRANSCRIPT
IXO (1987) Yoseba Peña
Argazkia: "Mihaela Mitrache 70's" Ana-Maria Miron-ek English Wikipediarako egina
IXO (1987)
(c)BesteHitzak/YosebaPeña2017an
Kartzela pairatu dutenak eta, oro har, esperientzia latzak bizitakoak, bi
kategoriatan banatu daitezke, ñabardura xelebreren bat tarteko: isildu egiten
direnaketahitzegitendutenak.Biekalabiekdauzkate taxuzkoarrazoiak: isiltzen
dira sakonenean sufritzen dutenak sinplifikatzearren “lotsa” izendatu dudan
ezinegon hori; edo horiek, zeinen zauriak oraindik odoletan dauden. Gainerakoek
hitz egiten dute, bai eta askotan gogotik hitz egiten ere, hainbat estimulupean.
Zenbait kontzientzia-maila direla medio hitz egiten dute kartzelan, urruna egon
arren, kokatzen baitute haien bizitzaren zentroa, haien mundualdi osoa markatu
duengertakaria,onerakoedotxarrerako.
PrimoLevi
Haudenagertatuzen,gutxigorabehera.
KurtVonnegut
olatz
1 ⬩ ETA 1958an sortu zen eta hainbat zatiketa izango ditu ⬩ 1974an bereizi ziren polimiliak (ETApm, fronte politikoa
hobesten omen zuena) eta miliak (ETAm, fronte militarraren alde egiten omen zuena) ⬩ Espainiako gobernuak
hainbat salbuespen-egoera ezarri zuen 1975etik aurrera Gipuzkoan: kontrolak, zentsuraren areagotzea, atxiloketa eta tortura masiboak, pertsona eta ibilgailuen zirkulazio-murrizketak... ⬩ Garmendia eta Otaegi polimiliak
atxilotzean, Garmendia larri zauritu zuten ⬩ Heriotzara kondenatu zituzten ⬩ Mikel Lejarza Lobo infiltratuari esker,
polizia frankistak 50 bat polimili atxilotu zituen, besteak beste Juan Paredes Manot Txiki ⬩
“Parrokiko lokalera eraman nau azkenean! Hasi ginenetik esaten zuen hamazazpi urte
bete ondoren lagako zidala. Apirilean bete nituen eta lau hilabete kostatu zaio. Luuuze!
Edonola ere, hantxe geunden Mertxe eta ni (barkatu: ze ikusten dio Karmelori? Hain da
altua! Eta pailazo hutsa: Mertxe aurrean dagoenean, ez da geldirik egoten, barra-barra
esaten ditu txorakeriak... Xabi kriston pila haserretzen da).
Ba, horixe, Mertxe eta ni gehi Xabi-eta. Eseri gara, Xabik magoen antzera panfletoa
atera eta esan digu: estado de excepcioneko notiziak dazkat. Eta Karmelok, filologia
ikasten ari dela erakutsi nahian: hi, nola dek estado de excepción euskaraz?
Xabik ia pazientzia galdu du, lagunek zeinek handiagoa bota bitartean: egurrezko
egoera, estatu poliziala, torturatu mesedez...
Nik “salbuespen-egoera” proposatu nahi nuen, izeko Esti gogoan, baina ez naiz
ausartu: urduritzean gehiegi hitz egiten dut; mihiari eusten ikasi beharko nuke.
Karmelok beti azken hitza: egun grisak! Xabik berehala moztu du barre-algara: hi bai
grisa! Noiz ikusi dek, ba, gris p _ _ _kumeren bat herrian? Ze ost _ _ dek Txerrimutur?
Eta Karmelok, aingeru-aurpegiz: P _ _ _ kume bat? Xabik, desesperatuta: guardia
zibila, motel.
Panfletoa astindu du: zentzura dela-eta, hauxe degu berri-iturri edangarri bakarra.
Dotorea Xabi, hitz egiten ere bai. Harro-harro nengoen, lokalera eraman ninduelako
eta dena ederki esplikatzen duelako.
Papera gorde gabe jarraitu zuen: gogoratzen Ondarrukoa? Argi zegoen txapeloker
haiek garbitutako mutilak ez ziela erasorik egin. Hemen dio COU bukaerako afalondoan
etxera zihoazela kantari eta, kuartel aurretik pasatzean, txapel okerrek haietako bat
atzeman zutela. Luis Arriola. Hurrengo goizean istripuz hil zela esan zioten gurasoei.
Xabi saltsa askotan ibiltzen da: bilera klandestinoak, gauzak gordetzen... Nahiz eta
ezer esaten ez didan, badakit jarduten duela eta beldur naiz. Gure koadrilakoak harritu
egiten dira aspaldi ez garelako haiekin egon; nola, ba! Umemokoak dira. Aurreko
larunbatean Bordatxoan zeuden eta, laurok Bordatxora afaltzera sartu ginenean, han
hasi ziren barre ergeltxoarekin: zenbat urte dauzkate?”
Ez zuen egia osorik idatzi, badaezpada. Egunerokoa poltsan gorde eta sastraken artean
ezkutatu zuen etxera bueltan erreskatatzeko.
Non demontre zegoen Xabi? Txerrimutur kapaz zen farola baten atzetik agertzeko, eta
orduan... batzuetan kaletik aditzen ziren kuartelean atxilotutakoen oihuak.
Capitantrueno ere ez zen makala. Txerrimuturraren ezizena ez zekien zeinek asmatu
zuen, baina bestearen ohorea Karmelori zegokion, guardia zibilen kapitaina harroputz
hutsa baitzen, tente-tente beti, askotan zaldiz. Halere, Olatzi ez zion Txerrimuturrek
adina beldur ematen. Honen begi hotzek...
Motorraren zarata lasaigarria ez zen errepidetik etorri, baizik eta kanposantuko
aldapatik. Xabi ziztu bizian jaitsi zen, Olatzek oparitutako makuto polita aldean.
— Ez dezu nondik etorri naizen ikusi —Xabik, konplize-irribarrez.
Olatzek muxu eman zion. Ohiko zirrara isildu zuen sabeleko urduritasunak. Atzean
eseri eta abiatu ziren, makutoa eskuineko belaunean kolpeka. Dena azkar pasatzea
nahi zuen.
Musika plaza lepo, manifestazioa hastear. Norbaitek Capitantrueno begiztatu omen zuen
kuartel aurrean metraileta eskuan, zaldi gainera igotzear. Eutsi egin zioten, ordea,
Garmendia eta Otaegigatik.
Uztail bukaerako atxiloketak kolpe latza ETApmrentzat; herria zuekin! Olatzek
Garmendia irudikatu zuen lurrean, ahoan tiroa zuela eta odol-putzu baten erdian.
Oihuak: gora ETA! Giroa gero eta beroago, berandu baino lehen azalduko ziren
guardiak egurrean. Haien partez, berriz, Mertxe eta Karmelo, karakola eta barea, biak
barrez lehertzen, zirkurantz bezala.
Otaegiren inguruko zurrumurrua etorri zitzaion Olatzi gogora, ETAkidea bainoago,
laguntzailea zela, eta, Garmendia larri zaurituta, hiltzera kondenatu omen zutela
gutxienez bat fusilatzeko, baina ezin inori galdetu, batik bat ez Xabiri, ez zezala pentsa
derrotista hutsa zela.
Berehala ekin nahi zion; Xabik, ordea, itxaroteko. John Wayne zen, lasai-lasai
erasoaren aurretik. Azkenean, makutoan paskin gutxi Olatzi utzita, entziklopedia
moduko sorta batekin ezkutatu zen jende artean. Pixka bat geroago aireratu ziren han
eta hemen orri-eskukadak, geiserren moduan. Jendetza mugitzen ari zela aprobetxatuta,
Olatzek bereak poltsatik atera eta gora! Ez al dira uxoak ere zuriak?
Hurrengo hiruzpalau segundotan beldurrak paralizatu egin zuen; Txerrimutur
ezerezetik azalduko zen, idi-begiak sutan...
Tiroak, tiroak! Eta jendea korrika. Plaza Musika lehertu beharrean, txapelokerrek
sarrera guztiak itxi zituzten ateratzean ehizatzeko, satorren moduan.
Alde batetik sartu ziren borraz joka: lasterraldiak, oihuak, tiro gehiago. Mondragones
taberna aldameneko ezkaratza ireki egin zen; Mertxek eskutik tiratu, eta egurrezko
eskaileretatik igo ziren bixi-bixi. Etxebizitzetako batean gordeta hamaika lagun
isil-isilik, dardaran. Aurpegira begiratu arren, ezin gogoan hartu. Sarraski bat egiten ari
ziren plazan, auskalo Xabi gaixoa non zegoen.
Gerra bat, atzera 36ra. Bere burua irudikatu zuen belauniko lurrean, magalean Xabiren
burua laztantzen eta mutila odoletan, hil zorian.
Negarrez hasi zen.
2 ⬩ Gerra-kontseilu batean, heriotza-zigorra Txikirentzat ere ⬩ Nazioarteko presioek, Aita Santuarenak tarteko,
greba orokorrak eta protestek ez dute Franco samurtzen ⬩ Txiki Bartzelonan fusilatua, Otaegi Burgosen, eta
Madrilen FRAPeko José Luis Sánchez Bravo, Ramón García Sanz eta José Humberto Baena Alonso ⬩ Hurrengo
igandean, jendetza bildu zen Madrilen hiltzear zegoen Francori elkartasuna adierazteko, Juan Carlos Borboikoa balkoian lagun zuela ⬩ Otaegiren gorpua familiarengandik bananduta bidali zuten sorterrira hiru ordu beranduago
hel zedin ⬩ Txiki Bartzelonan lurperatuta, lau mila pertsona joan ziren Zarautzen entierrora ⬩ Amak bertan hitz
egin eta poliziak bikarioarekin batera atxilotu zuen ordu batzuez ⬩ Urtebete geroago eman zitzaion
familiari gorpua ⬩
Xabi Mendoza eta lagunak; kasualitatez hasiak ziren haien aurrean esertzen, edo horixe
saldu zieten Mertxek eta berak kuadrilakoei. Aurreneko aldi hartan formal zeuden
mutilak, nesken txutxu-mutxuari entzungor bezala, baina, argiak itzalita, segituan hasi
zitzaien iletik tiraka eta sorbaldan atximurka; neskek txoratzen: buelta eman, errieta
egin, haserre-plantak...
Xabik denen aita ematen zuen, ume-jolasen gainetik pantailari adi. Heldu.
Hilabete batzuetara Xantioneko sukaldean senargaia egin zuela aitortzean, hango poza,
hango muxuak eta hango begi samurrak! Mutilaren izena itxaropenaz argitu ondoren,
berriz, isilune glaziarra. Amak eskutik hartu eta tiraka arrastatu zuen baratzera, bekatu
kapitalen aurpegiz.
Xabiren abizenei besterik ez zien erreparatzen, Mendoza Gantxegi, izekok Xabiren
aitarekin izandako tirabiratxoa ahaztu ezinik. Uztarriko idi bat handia eta indartsua
omen zen, bestea eskasa: ezin alderatu Xantio Villa Marciarekin, Xantiotarren zorrak
Mendozatarren diru eta Gantxegitarren itzalarekin.
Etxeko gizonek lan egiteari laga zioten, txundituta. Amaren erretolika elizan bezala
buru-makur irentsi ondoren, aitak aitzurra hartu zuen atzera, beltz. Zer esan behar zion,
ba? Pixka bat harrotuta zebilela Donostiako Usandizaga institutura batxilergoa
estudiatzera bidali zutenetik?
Edo gau-eskolaren kontu hura arraroa zela, izekoren modura alfabetatzearekin
tematuta... Ez ziren garai errazak, ez: zenbat eta okerrago Franco, orduan eta zakarrago
itsasoa. Eskerrak Mikel seme-alaben gazteena zen, eta
ez alderantziz.
“Behin ikusi dut Xabi negarrez: Txiki atxilotu zutenean. Oso mendizalea omen zen
sasira sartu aurretik eta Gipuzkoako tontorren erdiak igoak zituzten elkarrekin, Txiki ere
Inda Mendi taldekoa zelako. Telebistan epaiketako zigorra iragarri aurretik, Xabik
bazekien heriotzara kondenatuko zutela, besteak bezala. Txikitako errezo guztiak
erreskatatu nituen Franco behingoz hil zedin.
Aitortzen hasita, esan beharrean nago hasieran ez nuela Txiki gustuko. Xabiri behin
esan nion extremeñoa zela, Euskal Herriaren alde borrokatu bai, baina euskara ez zuela
ikasi. Mututu egin zen, minduta. Haserrea pixka bat pasatzean, suertea nuela bota zidan,
euskaldun peto-petoen artean jaio nintzelako. Eta egia da; mus-partida balitz, bost
kartarekin aritu naiz.
Euskal Herria euskalduntzen lagundu nahi dut; horrelako gauzak esaten dizkidanean,
sentitzen dut maitasunak gainezka egin behar didala. Oso argi dauka dena, beti. Txiki
traidoretzat jotzen zutelako fusilatu omen zuten espainolek, ezin zutelako eraman
haietako bat gure alde borrokatzea, gutarra bihurtzea”.
Logelako atean jo zutenean, susto izugarria hartu zuen. Koadernoa burkoaren azpian
ezkutatu eta pelikulen dotoreziaz “Bai?” galdetu zuen ozen.
Aitona Teofilok ireki zuen, musugorri eta irribarretsu. Balantzaka sartu zen,
denboraren poderioz aldaka pitin bat zabalduta, eta esku latz bat ireki zuen billetea
erakusteko: hogei durokoa.
— Eskerrik asko, aitona —eta muxu eman zion. Asteroko zeremonia zen Ixabelen
lekukoa hartu zuenetik Berdura-plazako postuan. Ordurako baserritarra izateak lotsarik
ez zion ematen, baina jendaurrean barazkiak saltzen jarduteak ezinegona sortzen zion,
atso haien modura, azazkaletako lurra garbitu ezinik.
Tira, lotsa pixka bat agian bai, baina ederra zen bere bokata ordaindu ahal izatea,
Xabirentzat zama izan gabe.
Atzera bakarrik, hamaikagarren aldiz nekatu zuen erlojua: bi ordu geratzeko, goizegi.
Momentua irudikatzean, emozioaren zirrara etorri zitzaion eta, segituan, beldurra.
Irakurtzeko gogorik ez: bizitza deika, ez zuen sosegurik besteen istorioetan sartzeko.
Aitzitik, bizitakoa gorde nahi zuen, betikotu, eta bitxia zen, txikitatik izana baitzuen
liburu-gosea.
Izeko Estik gainezka ekarri zuen egurrezko kutxa dotore bat Xantiora aldatzean.
Zabalik zeuzkan beti gela eta kutxa, ale misteriotsuak kaotikoki pilatuta. Olatz
irakurtzen ikustea ikaragarri gustatzen zitzaion, milaka gomendio eta aholku eman
zizkion. Behin batean, eskolatik ekarritako Luca de Tenaren Edad prohibida eskuetan
harrapatu zuen. Kentzea eta leihotik lokatzera botatzea, dena bat. Panfleto frankista
hutsa omen, emazte fidel eta otzanak moldatzeko prestatua.
Hura hil ondoren, haren logelan babestu ohi zen, lurrean eserita, ezer aldatu ez izanak
nolabait lasaituta. Mesanotxean, amak jarria zion gurutzea estaliz, Simone de
Beauvoirren Bigarren sexua-ren bi zatiak. Bizirik zegoela, izekok ez zuen ahotik
kentzen hura.
Aurreneko alea jaitsi zuen magalera. Espainol txukuna irakurri ahala joan zen larritzen.
Zer zen emakume bat? Emakume batek, bere burua definitzean, emakume-natura aitortu
du aurrenekoz. Gizonak, horren beharrik ez. Emakume al zen bera? Hiru urte
zeramatzan hilero minez. Emalegea legea ote? Horrek egiten al zuen emakume? Edo
Xabiren muxu eta laztanek? Bere burua gero eta gehiago estutu behar izatea Xabiri ez
emateko? Bilera klandestinoek?
Laugarren orria irekitzerakoan, ezin: goian ebaki gabe zegoen.
Kolpe batez itxi zuen, sekretuak jota.
Izekoren arropa tantaka hartzearekin konformatu zen; amona Brigidak moldatzen zion.
Eta Xexilik, mutu amen, harik eta labaderotik zetorren batean, oihu ezohiko batez
agindu zion Estiren gauza guztiak jaisteko.
Olatz lasterka izekoren gelara, Beauvoirren liburua eta izekoren akatsa ezkutatzera.
Alferrik: ama enbata bezala agertu zen, armairua liburu-kutxa gainean hustu, eta
eskailerak behera bota zuen dena, sutara. Izekoren txanbrea atzera zen baserri zaharreko
beste gela hotz bat.
“Manifekin hasi ginen, gure esku zegoela sinetsita: herriak aurpegia emanez gero,
frankistak kikildu egingo zituen. Genituen. Burgoskoan baino zarata gehiago ateratzen
ari omen ginen: kotxeak erre, harriak bota, propaganda latz banatu... Eta haiek inoiz
baino egur gehiago: uholde berdeak, grisak, gomazko balak eta, tarteka, benetakoak.
Zaurituak. Hildakoak. Hurre genuen, antzeman egiten genuen.
Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenean, hustuta geratu nintzen. Ez malkorik, ez
gorrotorik, ezer ere ez. Txiki sei boluntariok hil omen zuten. Ezin burutik kendu: sei
heroi azaldu ziren boluntario beste gizon bati bizitza kentzeko.
Larunbata zen. Arratsaldeko 19:30etan Realak bat eta huts irabazi zion Españoli.
Igandeko periodikoan zioenez, partiduaren interesa kontuan hartuta, espero zitekeen
baino jende gutxiago joan zen. Milaka bihozgabe haiek sutan jarri ninduten; ze pena
bonba atomiko batek partidua ezabatu ez izana!”.
Azkenean berandutu egin zitzaion. Animoa ilun, bakero zaharrak erreskatatu zituen
armairutik: ama kritikatzen hasiko zen, ez zirelako kalera joateko modukoak.
Astunagorik!
Modelo zinemaren aurrean, ilara ederra; Xabik besarkatu eta Olatzek gustura onartu:
ordurako ez zion erreparorik ematen; binomio banaezina osatzen zuten. Betiko.
Xabik bi sarrera erakutsita, muturtu egin zen: pribilegioak baliatzea ez zegoen ondo,
eta Xabik aita eta aitonengatik nahi adina zituen. Ez zuen harrotasunik erakusten, baina
lotsarik ere ez.
Argiak itzali zuten, eta NODOaren tronpetak hasi ziren. Erregimenaren propaganda:
Madrilen feria bat zabaldu omen dute eta... Xabik hamar minutu horiek baliatu ohi
zituen eskuak laztantzeko, xuxurlaka aritzeko. Mutu ari zen pantailara begira,
ezinegonean eta aulkian eroso eseri ezinik. Eta ez zen bakarra. Pelikularen erdialdean
ozendu zen zurrumurrua. Tiroak Santa Ana aurrean. Guardia zibil bat. Zaurituta.
Polimiliek. Hilda.
Xabi barreka hasi zen, urduri, ia histeriko. Txaloren bat ere aditu zuten. Karmelo
katuka hurbildu zen pasillotik.
— Txerrimutur garbitu diye —xuxurlaka. Eskuak bihotzera eraman eta lurrean etzan
zen, hildakoarena eginez. Kurrinka hasi zenean, barre-algara izugarriek erantzun zioten.
— Alde hemendik! —Xabik—. Atentzioa ematen ari haiz, ergel hori!
— Lasai, Romeo, baniak. Semeak gorpua ikusi omen dik —eta arrastaka
urrutiratu zen.
Txerrimuturraren semea. Bistaz ezagutzen zuen. Zer izango zen horrelako aita izatea?
Aurreko urtean, aitona Teofilok txapelokerren egurra komentatzean, Olatzek heldu-
plantak itxuratuz murmurikatu zuen:
— Putakumiak.
Amak harrapatu eta kontuak eskatu zizkion:
— Gizaseme bat ez da putakumia guardia zibila dalako, gaiztua dalako baizik.
Amak putakumia esan zuen lehen aldia izan zen. Eta azkena.
Gaiztua txiki geratzen zitzaion Txerrimuturri. Merezita zituen tiroak: putakumia.
Ez zuen irudikatu nahi zer-nolakoa izan zitekeen aita tiroz jota aurkitzea; Xabiri
besotik hartu zion pentsamendua uxatzeko.
Hogei minuturen faltan, Xabik belauna estutu eta alde egiteko keinua egin zion. Kaleko
ate astunak baztertzean, zapla, sei txapeloker zain.
— ¿Prisa? —ahots burlati batek, ezkerretik.
Begiratzeko astirik gabe jaso zituzten buruan kolpeak: Capitantrueno. Bultzaka eta
arrastaka kuarteleraino, aitaren lagun batek ikusi zituen bidean. Esango al zion?
Lagunduko ote zien? Eta adineko bikote bat, kanpotarrak, beldurtuta, baina ez guardiei
begira, baizik eta lapurren pare zeramatzaten mutil eta neskari.
Lapurren pare.
Banatu eta ziega batean atxilo zuten, bakarrik. Orduak izututa: orriak botatzearena ba
al zekiten? Zer egingo zioten? Pertsonez nahastu ziren, laster etorriko ziren barkamen
eske. Baita etorri ere: goizeko ordu txikietan botatzarren urratsak, ate metalikoa
irekitzen eta guardia zibil gazte batek bokadillo bat laga zion lurrean.
Mortadela, azeitunazkoa. Ezin jan.
Oroitzapen lasaietan babestu zen alferrik. Zergatik ez zen koadrilakoen antzekoa?
Politikan sartzeko tentaziorik gabe, mundu zoriontsu batean bizitzen...
Botak bueltan: altxatzeko. Besoa estutuz gidatu zuen eskaileretan gora. Neska bat
oihuka, minez. Guardiak aitorpen-ahotsarekin xuxurlatu zion Ibarrako bikote batek ere
hartua zuela gela hotelean. Ibarra Tolosa aldamenean zegoen. Zergatik ekarri
Zarautzeraino?
Gela batean lau guardia eta Capitantrueno. Kantatzen hasteko. Olatz negarrez;
lehenengo belarrondokoak atzeraka bota zuen, txiripaz ez zen lurrera erori. Harridurak
minaren aurreneko segundoak estalita, taupaka hasi zitzaion masaila. Jo al zezakeen
norbaitek haserre egon gabe?
Hurrengoarekin, hainbeste suerterik ez.
Aitortzeko dena.
Zer, ordea?
Lurrera bota, iletik arrastatu, ostiko bat, beste bat. Aulki batean pausatu zuten.
Erantzuteko. Zotinka hasi zen, eztarria itxita. Hankartean epeltasuna zabaltzen sumatu
zuen: txiza. Barreak. Burlak. Masailekoak.
Eranzteko.
Birritan errepikatu behar, burmuinak uko egin ziolako “fuera la ropa” itzultzeari.
Gizonak irrikaz. Jertsea kendu. Oinetakoak. Galtzerdiak. Eta miraririk ez: alkandorako
goiko botoia. Bigarrena. Guardietako bat hurbildu, eta tiroi batez zartatu zituen
gainerakoak, alkandora erauzteraino. Txistuak eta, guardia atximurka titietan, txaloak.
Jarraitzeko berak.
Larru-hutsik amaren aurrean ere ez; amak baleki. Kremailera jaitsi zuen, begiak itxita.
Galtza bustiek azalari eusten, askatzeko borrokatu zen. Kuleroak ez katigatzeko kontuz,
hanka bat atera, bestea; ez zekien galtza tolestu edo ez, bota edo utzi. Txiza epela izter
barruan, hotza.
Errukirik ez: jarraitzeko. Esku librearekin kuleroak beherantz irristatu, orkatiletaraino.
Beso meheen atzean ezkutuan, dardaran zegoen, malkoek bista lausotuta.
Besoak gurutzean jartzeko, mojetan zigortzen zutenean bezala. Denak begira-begira,
bera malkoz jantzita. Menpekotasun perbertsoa zegoen egoeran; haien uniformea,
arropa baino are gehiago zen armadura. Bera, ordea, biluzik: barregarri, babes gabe,
baldar, umilduta.
Capitantrueno aurrera: borrarekin titiak jaso, askatu. Hanka tartera jaitsi, muturrarekin
bultzatu. Birjina ote zen eztabaidatu zuten algaraka, nork lehenago bortxatu jokatu.
Nahi zutena egingo zioten. Azkenean, ziegaraino arrastatu zuten, dardaragatik ibili
ezinik. Manta bat bota arren, hotzikarak lurrikara baten pareko. Eta loak amesgaiztotik
askatzen hasi zenerako, bueltan gora: Capitantruenok jarraitu, besteak ezezagunak.
Aitona Manuel gauean bertaratu omen zen, txapel gorria buruan eta gerra-dominak
paparrean, tente-tente upela disimulatu nahian. Oihuka exijitu omen zuen kapitainarekin
hitz egitea, biloba askatzea. Eta guardiak, duda-mudan: jipoitu besterik gabe edo tiro bat
buruan, istripu bat?
— ¿Qué prefieres?
Aukeratzeko, baina nola?
Atzera negarrez, propagandarena errepikatu zien, eta Xabiri ematen ziotela, haren
papera arindu nahian. Barre-algarak: Xabi aske zegoen, aitari esker. Bakarrik utzia zuen,
benetako gizonak ezagutu zitzan. Capitantruenok eskua altxa zuen, belarrondokoa prest.
— Ibarrakoak! —Olatzek. Eta eskua frenatu zela ikusita, buruan bilatu zuen
arrapaladan—. Haiek ematen zioten dena Xabiri, haiek! Paperak, armak. Zulo bat.
Capitantruenok irribarre egin zuen, ehiztaria odolustutako harrapakinaren aurrean.
Bazegoen bainera bat, komuneko ur arrea goraino. Muturreko batez bota zuten lurrera,
alfonbra batean bildu, estutu, burua besterik ez kanpoan, birikak ireki ezinik arnasa
sakatzeko, ostiko-zaparrada eta ahoa odolez beteta, burua zapaldu zioten, segituan
airean jaso eta bainera gainean mantendu, kiratsa arnastu zezan, txiza, kaka, ustela, eta
abisatu gabe ur lohian murgildu zuten, astalka egin nahi eta ezin, airea hartu nahi eta
ezin, ito egiten ari zen, airerik ez, txizak sudurrak bete eta, ezpainak estutu arren, ahoa
bete kaka, eztarria bete, birikak bete, komisarian hilko zuten Luis Arriola bezala, ezin
zion amari hori egin, ama gaixoa, ama.
3 ⬩ Franco bi hilabetez agonian ⬩ Hil eta bi egunera, Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege ⬩ Talde
parapolizialen atentatuak hasi ziren; 1975ean pertsona bat hil zuten, ETAmk 12 eta ETApmk 3 ⬩ ETApm oso ahulduta,
Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur haren ideologoak proposatu zuen ETApmtik alderdi bat ateratzea, organizazio
armatua kontrolatuko zuena ⬩ Juan Carlos Borboikoak gobernuko presidente izendatu zuen Adolfo Suárez,
Mugimendu Nazionalaren idazkaria ⬩ Polimiliek bahiketa-kanpaina abiatu zuten, eta bahituetako bat hil egin zuten,
Angel Berazadi ⬩ 29 presok ihes egin zuten Segoviako espetxetik (12 polimilik, 5 milik eta VI. asanbleako 4k,
besteak beste) ⬩ Poliziak zelata jarri, Oriol Solé Sugranyes hil eta gainerakoak atzeman zituen, Frantziaraino iritsi
ziren 4 izan ezik ⬩ Pertur 1976ko udan desagertu zen, seguruenik talde paramilitarrek hilda ⬩ 1976an, ETAmk 16
pertsona hil zituen ⬩
Etxean zaindu egin zuten, zaindu aditzaren bi adieretan. Komunikatzeko gai izan zenean,
kalera eraman zuten, amona Brigidari bisitan. Samur tratatu zuen amonak, azterketak
noiz izango zituen galdetu. Olatz blokeatuta: Usandizaga, hango ezagunak eta
bizimodua, pelikula zahar baten kontuak ziren, baina amonak, temosa, kuartelera ez
zeraman hizpide bat hartu nahi zuen. Azkenean, agurtzeko musuarekin, komentario arin
bat: ez izan presarik nobioa bilatzeko2. Olatzek ez zuen labankada espero; ozta-ozta
eutsi zion negarrari.
Institutura itzuli zuten; amak laguntzen zion geltokira, amak jaso. Eta, azkenean,
Mertxerekin-eta pasieran bidali zuten. Euriak tregoa eman zuenez, malekoira joan ziren.
Urrutian, zein ikusiko eta Capitantrueno, zaldi gainean.
Olatz Loten emaztearen antzera kristalizatzen hasi zen, paralisia poliki-poliki
belaunetik gora narrastuz igotzen zitzaiola, izterrak, aldakak, gatza larruaren partez.
Hiru aste ziren kuarteletik askatu zutela eta biluzik sentitzen zen oraindik.
Isildu ziren olatuak, kaioak, lagunak: kapitainaren trosta harroa besterik ez zen
unibertsoan, tok-tok tok-tok, tok-tok tok-tok. Esku zorrotzez ari zen zelaberea gidatzen,
gero eta hurbilago, ordurako begiak Olatzengan tinko.
Olatz ile-puntaraino gorritu zen, gorputza lurrikara basati batek astinduta. Ibarrako
bikotearen inguruko gezurrak, airea erosteko asmatuak. Ordurako, jakin egingo zuen.
Pare-parean geratu zion zaldia, mespretxu burlatiz goitik behera aztertu. Eta Olatz,
gatzetan atxilo. Itziarren semeak ez omen du laguna salatzen; alabak, berriz...
Capitantruenok barrutik ere biluztu zuen.
Amak guardia pixka bat jaitsita, parrokiako lokalera ihes egin zuen. Xabi kuarteleko
bataioaz ari zitzaien hitz egiten apostoluei. Olatz atean geratu zen, mutu. Mutilak eserita
zeuden, Xabi zutik. Begiak kliskatu eta sermoia eten zuen. Besteak deseroso altxatu
ziren, agerpenari begira. Banan-banan joan ziren lotsatuta eta buru-makur.
Lehen aldiz konturatu zen Olatz lokala gela ziztrin bat zela, mahaia eta aulki merkeak,
horma biluziak. Ez zekien Xabi musu batez agurtu ala ez. Besarkada bat behar zuen,
bakeaz inguratzen zuten horietako bat, baina banatzen zituen metroa amildegi bat zen.
-- Zemouz? --Xabik, lotsaren lotsaz. Olatzek sorbaldak altxatu zituen, begirada jaitsi.
Xabik eskua hartu zion, estutu. Olatzek ez zuen ezer sentitu--. Eseriko gea?
--Ahotsean dardara.
Bi aulkitan jarri ziren, parez pare. Xabik berriro hartu zion eskua, serio. Behintzat, ez
zuen poza edo normaltasuna antzeztu.
-- Gu... zea... gu erori eta biharamunean egin zun alde Karmelok. Iparraldera.
Olatzen begiak paretako gotelean zeuden, koskatxoen gogorra sumatzen. Baietz
erantzun zuen buruaz, mantso. Minutu batez, bizpahiruz.
Xabiren arnasketa azkartu egin zen. Malkoak zituen masailetan. Burua makurtu zuen,
begiak ezkutatu. Negar-zotinka hasi zen, lurrean belaunikatu eta burua sartu zion
magalean Olatzi, haren belaunak besarkatzen:
-- Aitak... aitak ez dakit zer egingo diten... --zotinka--. Nik... nik... Karmelorekin... --
Olatzek burua laztandu zuen. Ume bat--. Txerrimutur garbitzeko informazioa geuk pasa
genuen... Sentitzen det haiek...
Torturatu izana. Bi hitz eta ez zituen esan.
Haiek. Gizasemeek. Gaztetan, hamaika gau pasa zituen loa hartu ezinik izekok
kontatu ziolako Victor Jarari eskuko behatzak moztu zizkiotela jakin zezan, mirariz
torturatik bizirik irtenda ere, ezingo zuela berriro gitarra jo.
— Goiz ala berandu atxilotuko naue berriro —Xabik—. Capitantruenok ez dit
bigarren aldiz lagako... Bestaldera joan behar det.
— Nik zurekin --xuxurlaka. Bihotza mahaspasa baten moduan zeukan, lehortuta.
Hilabete lehenagoko maitasun bukaezin eta itsuaren arrastorik ez—. Noiz jungo gea?
— Gaur gauian. Orioko bidian elkartuko gea, hasierako errebuelta hortan. Zortzietan.
Olatzek ohar bat ezkutatu zuen azukrearen potean3 eta, makutoan arropa pixka bat
sartuta, Xantionetik aldendu zen. Auskalo noiz itzuliko zen, noiz ikusiko berriro
gurasoak, Mikeltxo anaia, aitona-amonak...
Negarrez iritsi zen herri-bukaeraraino, Xabi baino lehenago. Iluntzen hasia zen,
izututa zegoen han bakarrik zain, zaldi-trostak noiz entzungo, poliziak linternekin bere
bila. Sasien artean ezkutatu zen, eta eskerrak: patruila bat igaro zen Orio alderantz,
poliki. Ordu erdi geroago, beste bat Zarautzerantz. Susmorik?
Torturako oroitzapenek kolpatu egin zuten, lotsak. Xabi harrapatu ote zuten? Gaixoa...
Bi ordu geroago, argi geratu zen zerbait gertatu zitzaiola. Ezin Xantionera itzuli,
hantxe izango baitzituen zelatan. Zer egin ez zekiela, kaminoetatik igo zen baserri
atzeko borda zaharreraino. Lurra umel ez zegoen bazter bakarrean eseri zen, loak hartu
arte. Esnatu zenerako, begira-begira zuen.
— Bahua —aitona Teofilok.
Agurea hunkituegi zegoen galderarik egiteko. Donostiaraino eraman zuen Vespa
zaharrean, mugalari baten kontaktua lortu, autobus ateraino lagundu. Besarkadan, bere
usaiaz bete zion sudurra. Patrikatik billete-sorta bat atera zuen, denak kontu handiz
tolestuak eta sokatxo batekin lotuak. Musugorrituta zegoen, negarrez. Billeteak eman
eta autobuserantz bultzatu zuen emeki:
-- Hendaian zaudela, bilatu herrikoren bat.
Karmelo! Eguzki-izpi bat, behinik behin.
Ezin esan, ordea, argi askorik ekarri zionik: lanak mutila topatzeko, eta, azkenean
haren etxeraino eraman zutenean, harrera abegikorrik ez. Lurrean lo egin beharko zuela
bota zion serio, ba omen zirela hamabi etxe ziztrin hartan.
Gogorra zen jendaurrean bakarrik sentitzea, bezperako bakardadea baino are latzagoa.
Aitonak emandako dirua berehala bukatuko zitzaion; eta gero?
Hirugarren egunean, Alfontso delako bat agertu zen pisuko biren bila. Olatzengan
erreparatzea eta haiekin joatera gonbidatzea, dena bat. Edozer etxe hura baino hobea.
Behe Nafarroako Bidaxune izeneko herrira eraman zituen; sarrera ondoko gain batean
zegoen baserria. Leku ederra zen, inguruko bailara lauarekin belarrezko alfonbra trinko
baten bitartez batua.
Garia gordetzeko dorretxoa faroa zen; han eta hemengo muino biribilduak, enbatako
katxopak. Xantio zuloan zegoen, baserri hura goian. Bizitza berriaren metafora izango
ahal zen!
Formazioa jasotzen zuten han militanteek, batik bat politikoa, baina baita frantsesa eta
euskara ere. Bitartean, denbora-pasan bizi ziren, diskrezioan beti.
Olatzek ez zuen lagun bat bera ere egin. Oskola malenkoniatsu batean ezkutatzen zen,
laiotzean. Parrokiako lokalean, zenbat buelta Benito Lertxundiren disko hari!
Marratzeraino. Non zegoen Zuberoa idiliko eta euskaldun hura? Ez al zen horrela
Iparralde osoa? Giroa arrotz hura ez zitzaion gustatzen: espainola eta frantsesa barra-
barra, esajeratuegia zen, baikorregia. Bazirudien baserrikoei pistola pare bat emanda, di-
da batean erauziko ziela Euskal Herria Espainiari, Frantziari.
Nahi bai: behin, Guerrilleros de Cristo Rey talde paramilitarrak furgoneta bat
metrailatu zuen, bederatzi errefuxiatu zeramatzala. Denek bota zuten beren burua
lurrera eta mirariz inortxok ez zuen minik hartu. Mehatxua, baina, behe-laino artean
jaisten zen goizero.
Franco azkenetan omen zegoen. Zurrumurruak gero eta ozenagoak, Radio Nacional de
España berri onak ematen hasi zen tantaka. Itogina ahitu ahala, Frantziako irratiak eta
BBC London ausartu ziren heriotza sarriagotan aipatzera.
Txupinazoa goizeko seietan piztu zen: algaraka, saltoka, garrasika, elkar besarkatuz,
irrintzika eta musuka, gehien aditzen zen oihua “hijo de puta” zela, kotxeetan seinaka
eta zazpinaka hala moduz estutu, eta Hendaiara jo zuten kantari, klaxonak lagun.
Zortzietarako Bidasoko lapurtar ertzean gizon gazte ilara bat zegoen Espainiarantz
xanpain-botilak apuntatzen. Bat, bi, hiru... danba!
Atentzioa ez emateko araua etengabe apurtu zuten goiz, arratsalde eta iluntze hartan
Pettit Baionan, karriketan kantari gizon-kateetan. Natiboen auzo-lotsa eta
irribarre urduriak!
Olatz, dirua hartzeko bururik ez eta nahi adina edanda lehen aldiz, amets bitxi batean
flotatzen ari zen; ezin sentipen hura uxatu, mila pertsona ezagutu bitartean, hamar mila
izen, milioi bat aurpegi.
— Zara euskaldun bakarra ez duena gaur ospatzen —Alfontsok, bere
aldamenera agertuta.
Euskara traketsagatik ezagutu zuen. Jefeen artean bizarrik gabeko bakarra zen, beti
nabarmen elegante jantzita, begiak argi, irribarre zuri.
— A bai? —Lotsatuta eta, nahi baino lehorrago irten zitzaionez, urduri.
Alfontsok burlati behatu zuen tabernako parranda: batzuk tragoz trago, beste batzuk
abesten, denak algaraka eta erretzen. Sestao ez ezagutu arren, horrelakoa izango zen,
lantegien tximiniek isuritako behe-lainoan urperatua.
Bikote batek eskutik hartuta jo zuen kanpora. Zarautzen baino libreago jokatzen zuten
neskek, nabarmen. Olatz ez zen hain inozentea: Alfontso jatorregia zen berarekin.
— Bederatzi hilabete barru ume asko deituko dira Patxi —Alfontsok. Neskak haren
begirada sutsuari eutsi ezinik, basoerdiko ardo txarrean ito zituen begiak—. Politenak
beti hartuta zaudete —ume haserreen ahotsez eta keinuz—. Badaukazu mutil-laguna?
—Olatzek baietz buruaz, sabelean zirrara.
Nekez eutsi zion negarrari: etxeko batere berririk ez. Norbaitek esan omen zien ondo
zegoela, besterik ez. Alfontsok botila hartu zuen Olatzi botatzeko. Besoa pasa zion
sorbalden gainetik, erakarri.
— Hasieran zaila da, badakit, baina askatasunaren alde borrokatzeak eskatzen du
sakrifizioa. —Ahora belarrira hurbildu zion—: ohituko zara, ikusiko duzu.
Olatz paralizatuta: Xabiren izena errepikatu zuen bere barruan desioa isiltzeko; ezin
onartu gorputzaren esnatzea. Xabi, non zaude? Ze kartzelatan?
— Etxera joan nahi duzu? —Alfontsok, xuxurlaka.
Hizkuntzaren tranpak: Bidaxunez ari zitzaiola ohartu aurretik, Xantioneko eta
Zarauzko irudiek kolpatu zuten.
Bi igandean behin etortzen zitzaizkion ama-eta bisitan: aitona Manuelen kotxean,
hamaiketarako iritsi plazara eta bostak arte, egon. Mokadu txikiegiak goseak jota
dagoenarentzat.
Etxera. Bost axola: handik kanpo behar zuen; mundua taberna hura zen.
Alfontsok, irteeran, besoa jarri zion berriro sorbaldaren gainean, baina, Olatzek
nahigabe urruntzera eginda, besoak aldea nabarmendu zuen: zubiek, lotu baino,
distantzia enmarkatzen dute. Pixka bat okertuta ibili ondoren erretiratu zuen
eskua Alfontsok.
Kotxean, bat hitz eta pitz, bestea mutu. Olatz jaitsi eta korrika batean joan zen
baserriko atetzarreraino, hartxintxarrak kras-kras. Giltzarik ez, ordea: penagarria.
Alfontsok ireki, eskutik heldu eta beheko plantan zegoen bere gelaraino gidatu zuen.
Ohea ikustean, izuak besoa astindu zion Olatzi. Aske, eskailerak estropezuka igo zituen,
binaka eta hirunaka, bestearen barreak lagun.
Arropa erantzi bitartean aditu zituen urratsak kras-kras, kotxeko atearen danba eta
motorra urrutiratzen. Literan, ez zekien zerk ematen zion lotsa handiagoa: Xabi gaixoa
lehenengo ardo-tragotik zeharo ahaztu izanak edo Alfontsoren ez hain
ustekabeko saiakerak.
Usandizaga institutuko talde feministan askotan jorratu zuten askapen sexualaren gaia:
hango eztabaidak! Zergatik, orduan, beldurra? Zergatik damua?
Ezinegona ere sentitu zuen, eta beste zerbait zeharo oztopatzen ziona autoerruki
lasaigarriraino iristea: epeltasuna barruan, erakarpena, esker-ona behinik behin baten bat
berarekin arduratzen zelako. Lo hartzean, marea bezala itzuli zen lotsa eta dena
estali zuen.
Zenbat negar eta zenbat ernegu haurtzaro eta gaztaroan, ditxosozko Ximaurras gora
eta behera, kiratsa baitzerion Santa Anako neska finen arabera. Eta azazkalak beti
zikinak, zenbat ordu zirri-zarra kalekoen moduko esku garbiak lortzeko! Eta ezin
samurtu atzapar haiek, lanak gogortuak.
Izeko Esti Xantionera aldatu zenean, haren lurrin-tanta batzuekin saiatzen zen
ezkutuan baserri-perfumea disimulatzen. Alferrik: iristerako, Ximaurras agurra.
Mertxeri ere bai, baina kalera bizitzera joateak lurrindu zizkion kiratsa eta iraina.
Olatzek, berriz, loratu arte itxaron behar. Begiek sudurra estali zien mutilei, eta ahoa
zuritu; hitz itsusietatik lausenguetara pasa ziren. Ironikoa, beraz, baserritar petoa izateak
laguntzea Bidaxunetik ihes egiten.
Serio hartu arren, hango formazio politikoko saioak idiak bezain astunak ziren.
Kristalezko hitz mordo bat: langileria, justizia soziala, kapitala, plusbalioa... Begira eta
begira egonagatik ere, ez zuen haien barruan ezer ikusten.
Euskarazko saioetan aspertzen zenez, baratzeko lanari ekin zion eta berehala zabaldu
zen bere trebezia, hango gehienak galipota baino kaletarragoak baitziren. Horri esker
eskaini zioten Etxepare baserrira mugitzea, Mugerrera. 30 kilometrotara. Bere kabuz.
Bidaxunen, jendearen joan-etorri latza zen; erreparo gutxi: Alfontsok eraman zuen
Mugerrera eta hura izan zen kontaktua mantentzen saiatu zen bakarra, noizbehinkako
agerpenak zirela medio.
Etxeparen, hobeto: Xalbat aita euskalduna zen; hiru semeak eta ama, ez. Halere, hitz
egiteko behar handirik ez: Olatz barrurantz bilduta bizi zen, lan eta lan familiaren
bisiten zain.
Horrelako batean, Mertxeren eskutitz bat eraman zioten. “Querida Olach” bromaren
azpian, letra borobil eta arduragabez eman zion herriko txutxu-mutxuen berri, nork
egina zuen bere galde, zenbat sumatzen zen bere falta... Testua hamaika bihotzez
apainduta, bazter batean zekarren Olatzi irriarazi zion posdata, presaka erantsita:
“Suertuda: iparralden nahi aina erropa erostia dakazu. Levis pare bat lortuko, faborez?
Botoidunak, badakizu”.
Karmeloren inguruan txintik ere ez; umemokoa. Olatzek, berriz, ume izatera
itzultzearekin besterik ez zuen amesten.
Gutxitan hurbiltzen zen Mugerretik oinez Baionara; baserrian zer egin franko.
Horrelakoetan, Mertxek arrazoi: mundu zabala zuen eskura; hartzeko gogoa falta, ordea.
Hizkuntzak isolatuta zegoen, nekatuta, bihozgabetuta. Gero eta esfortzu handiagoak
bildu behar izaten zituen etxekoen aurrean malkoei eusteko, primeran zegoela itxuratzen
jarraitzeko, are gehiago ETApmk Aingeru Berazadi bahitu zuenetik.
Igande hartan lehen aldiz geratu ziren Hendaiako hondartzan. Ama, Aita, Mikeltxo eta
Ixabel mutu; aitona Teofilok muxurik ere ez. Tregoarik gabe, brausta egin zuen tiro:
— Esaien berehala askatzeko! Gure Aingeru euskalduna den, abertzalia.
Amak ez zuen adorerik izan esku hartzeko; begiekin zirikatu zuen Ramiro, hark
“osaba, faborez” ozen erregutu ziezaion.
Olatz, hitzik gabe; nola adierazi? Pendulu bat zen, inpotentziatik tristeziara,
dezepziotik desesperaziora.
— Ez omen dao ezerre zure kontra, maitia —amak, asteroko erretolika aurreratzen—.
Berriro esan digue. Gainera, Franco hilda... danak hobera egingo du. Etorri etxera.
Etxera.
— Ez diyozue inoiz kontatu behar? —aitona Teofilok bere onetik aterata jarraitzen
zuen. Biloba eskuaz apuntatu zuen—: Hire senargai eder hori lasai asko bizi den.
Aitatxok kanpora bidali ziñan elkarrekin ihes egitekoak ziñaten gauean.
La Coruñako barnetegi garesti batean zeukanan estudiatzen. Idatzi al din?
Bisiten zatirik mingarriena agurra zen. Etxekoak bizitzara bueltan, bera txalupa
zaharrekin portuan ainguratuta. Egun hartan, bakarrik geratzean arinduta sentitu zen
lehen aldiz. Eta triste: familiaren kontsolamendua ere ez zeukan.
Hurrengo bi igandeak, latzagoak: aitona Teofilok Aingeru Berazadi gora eta Aingeru
Berazadi behera, bere laguna, bere soziedadea, bere herria, Olatz polimilien
bozeramailetzat hartuta. Marka zen: inoiz baino urrutiago zegoen ETAtik.
Astelehen hartan, preso mordo batek ihes egin zuen Segoviako kartzelatik. Espainiako
irratietan ez zuten kopurua zehaztu; berehala atzemango zituzten. Orduak inolako
berririk gabe, euforia lotsatia: lortuko al zuten? Halere, pobrearen poza, beti motza:
ostegunean Berazadi hilda aurkitu zuten, tiro bat buruan.
Eten bat sentitu zuen, portura lotzen zuen azken soka moztu ziotela. Bela edo arraunik
gabe, itsasoaren menpe iraun beharko zuen. Iraun edo.
Hurrengo igandean, nahiz eta aitona ez azaldu, bakerik ez. Ondorengoan bai, joan
egin zen. Deabruaren antzera, begiak piztuta eta masailak gorri-gorri, ezpain fin
estutuek haserrea azpimarratzen zutela, periodikoa bota zion, eta Olatzek lotsatuta
hartu: “Angel Berazadi, asesinado”.
Argazkikoa zen, zalantzarik gabe: txikitan ikusten zuen Gure Kabiya soziedadean.
Aitona Teofilok bigarren behatzarekin zulatu zuen “Francia” hitza.
— Akordioa lortu omen zenduen —suminak totelarazita. Eta, orduan, urtu bezala egin
zen—. Zergatik?
Begiak malkoz beteta, buelta eman zuen. Olatzek ere eutsi ezinik, negarrez hasi zen.
Amak ez zuen berehala besoekin babestu, pixka batean ordain zezan.
— Hurrengo astian zuekin bueltauko naiz —Olatzek, usain ezagunaren kemenaz.