euskal herria polizentrikoa: etorkizuneko erronkak … · 2020. 6. 12. · heziketa maila,...
TRANSCRIPT
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
EUSKAL HERRIA POLIZENTRIKOA: ETORKIZUNEKO
ERRONKAK ETA HERRIGINTZA, GIZA GARAPEN
IRAUNKORRA OINARRI
Beñat Oiarzabal Goia
Laburpena
Lan honen helburua, Euskal Herriko lurralde historikoen arteko harremana eraldatzea
da; foru probintzia bakoitzaren autonomia zalantzan jarri gabe, elkarrekintza sustatuko
duen harreman-egitura berri baten garapena landuko du, eredu polizentrikoa hain
zuzen. Honen bitartez, berdinetik berdinerako erlazio bat lortu nahi da, zeinak esparru
ezberdinetan eragingo baitu: ekonomia, industria, gizartea, lurralde antolamendua,
hirigintza eta abar. Halere, funtsean, enpresen, hirien eta pertsonen paperean
zentratuko da, elementu bakoitzak giza garapen iraunkorrari egin diezaiokeen ekarpena
azpimarratuz.
Egungo herri eta landa exodoa ekidin nahian, baina hirien nagusitasuna eta garrantzia
errefusatu gabe, hirien eta herrien arteko loturak sendotuko dituen egitura
polizentrikoa proposatuko da erantzun moduan. Honek, Euskal Herriko hiriburu
nagusiak ez ezik, beste eskualde potentzialak ere piztu eta garatzea ahalbidetuko du.
Hiri eta herrien sare interkonektatuak emango lioke bide eredu honi, hiri aglomerazio
ekonomiak eta enpresen pilaketak (clusterrak) oinarri. Azken batean, ideia honek,
aglomerazio ekonomiak sortuko dituen ingurune aproposak eratu nahi ditu, gizakia
ardatz harturik eta gure lurraldearen ezaugarri bereizgarriez baliaturik.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
2
Sarrera
Hiriak gailendu diren honetan, lurralde antolamenduaren planteamendua, oro
har, monozentrikoa da. Hau da, lurraldearen inguruko plangintza eta antolamendu
proiektuak lantzerakoan, hiri-eremuen garapena azpimarratzen da gehienbat. Euskal
Herriaren kasua ez da salbuespena, hiriburu nagusiek gero eta garrantzia handiagoa
dute, bai gizartean bai ekonomian, landa eremuaren eta jasangarritasunaren kalterako,
sarritan. Nukleo urbanoen eraldaketa esponentziala izan da 50. hamarkadatik hona;
izan ere, nekazal biztanleria, populazio osoaren bi heren izatetik, heren bat izatera
pasako da 2050. urtean iragarpenek diotenez1.
Lurralde historikoaren arabera egoera ezberdina da: Arabaren eta Nafarroaren izaera
makrozefalikoa da, Gasteiz eta Iruñea ditugu nagusi; Bizkaian aglomerazioa dago, Bilbo
ardatz izanik eta Barakaldo, Getxo, Santurtzi eta Basauri pilatuta dituelarik; Gipuzkoaren
dibertsifikazioa maila altua da, behar bada, nabariena, herrien arteko egoera
orekatuena duelako; eta Iparraldean, berriz, Baiona-Miarritz-Maule ardatza isolatua
dago. Tokian tokiko egoerak, garapen ezberdinak bideratzen ditu bai lurraldearen
barruan, baina baita Euskal Herriaren multzoan ere. Herriak aurrera egin dezan, modu
bateratuan jardun beharko da esparru anitzetan eta horretarako ohiko harremanak
aldatu beharko dira. Berariazko sendagairik existitzen ez den arren, eredu ezberdinak
uztartu daitezke harik eta behin-betiko emaitza lortu arte. Egitura polizentrikoak, Euskal
Herriak Gipuzkoako dibertsifikazioa eta Bizkaiko aglomerazioa uztartzea proposatuko
luke, hiri eta herrien sakabanaketa apropos eta neurtua eman dadin elkarrekintza-
sareen bidezko aglomerazio ekonomiak sortuaz.
Ohiko egituraketan ez bezala, lurralde historiko bakoitza nodo bat izan beharrean; hiri,
herri zein eskualde desberdinek nodo bat irudikatuko dute -portadako argazkian
adierazten den moduan-. Ez da bereizketarik egongo, nukleo ekonomiko eta sozialak
1 Caixa Bank research: informe mensual, “el momento de las ciudades” (2016, ekaina)
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
3
baino. Esparru ekonomikoan2, aglomerazioak, enpresen azaleratzea eta elkarlana
sustatzea luke helburu, sektore bakoitzeko clusterren eraketa eman dadin. Era berean,
hiri-aglomerazio ekonomiak, hirietako produktibitatea handitzea ekarriko luke. Esparru
sozialean3, networkingarekin, ahalik eta pertsonen interakzio handiena lortu nahiko
litzateke lotuneek nodoak konektatuz, agenteen arteko trantsakzioak erraz daitezen. Bi
eremu hauek eta egitura polizentrikoak etorkizuneko erronketan eta naziogintzan
ondorio nabarmenak izan ditzakete; esate baterako: kohesio soziala, genero-ikuspegia,
berrikuntza, industria-iraultza, garapen ekonomikoa, produktibitatearen hazkundea,
ongizatearen hobekuntza, edota aukera aniztasuna.
Ekonomia
Euskal Herriaren erronka, aglomerazio ekonomia bat sortzea da lurralde polizentriko
batean oinarrituta. Eredu hau enpresa eta banakoak eremu geografiko batean
kontzentratzen direnean ematen da. Jarduera ekonomikoaren dentsitate altuak kostuak
merkatzea eta aukera gehiago eskaintzea bideratzen du, edonolako azpiegituren
hornidura erraztuaz. Aglomerazioaren onuren artean langileen arteko harremanak
sendotzea dago, baita enpresen artekoa ere, zeintzuk lankidetzari esker trantsakzio eta
inputen kostuak murrizten baitira. Honek guztiak, gainera, ezagupenen hedapena
bultzatzen du. Beraz, nukleo ezberdinen garapenak hazkunde bat bideratu dezake
abantaila naturalak aprobetxatuz: kokapen geografikoa (Frantziarekiko muga), kultura
(lankidetza, kooperazioa, kudeaketa edo ekintzailetza), azpiegiturak (Autobideak, itsas
portuak, aireportuak), autogobernua eta abar. Eskalako bi ekonomia bereizten dira eta
eurek ere eskalako kanpo-ekonomiak dituzte: kokapen ekonomiak eta hiri-ekonomiak.
Kokapen ekonomia, cluster gisa ere ezagutua, eremu geografiko zehatz batean eta
jarduera ekonomiko baten inguruan enpresa eta erakunde askoren metaketatik sortzen
da. Batetik, lanaren bateragarritasunak eskuragarritasun handia ematen die enpresei
langile kualifikatuak lortzeko eta, era berean, hauek, lan eskaria handitzeko. Bigarrenik,
2 Esparru ekonomikoa: landuko den lehen puntua 3 Esparru soziala: landuko den bigarren puntua
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
4
aglomerazio ekonomiek eskalako errendimendu gorakorrak dituztenez, ekoizpen
katean ondasunen ekoizpen kostuak murrizteko gaitasuna dute. Eta, hirugarrenik,
komunikazioa erraztasunak, sektoreko informazio estrategikoa lortzeko enpresen
arteko harremanak sustatzen ditu ekoizpen prozesurako beharrezko ondasunak eta
ideia berritzaileak elkartrukatze bidean.
Hiri aglomerazio ekonomietan, hiria da jarduera ekonomiko gehienak pilatzen dituen
nukleo nagusia. Jarduera hauen kontzentrazioa, batik bat, erdigunean eman ohi da,
aktibitatearen hazkundea eta hedapena ahalbidetzen duelako gainontzeko eremuetara.
Horrexegatik, asko dira hirietan kokatu nahi izaten diren negozioak, kokapen kostuak
altuagoak izanagatik. Hirietan, aglomerazio ekonomien barnean, trantsakzio kostuak
jaisten dira eta produktibitatea asko areagotzen da agenteen elkarrekintza maila altua
dela medio. Abantaila hauek, produktibitateak bultzatutako hazkunde ekonomiko bat
bideratzen dute bai hirian bertan bai bere eragin eremuan; honetatik at, lortzen dena
baino are gehiago. Beraz, erlazio zuzena dago produktibitateak, errentak, eta barne
produktu gordinak duten hazkundearen eta hirien aglomerazioen artean.
Enpirikoki frogatuta dago aglomerazio ekonomien fenomenoak produktibitatea
areagotzen laguntzen duela hirietan zein clusterretan, sisteman lehiakorragoak diren
nodoak direlako eta hobekiago aprobetxatzen dituztelako ingurunearen abantailak,
balio erantsi altuagoko sektoreak barneratzen dituzten aldetik. Euskal Herriari
erreparatuz, ekonomia modelo honetan bi adibide txerta ditzakegu nagusiki: Bilbo
metropolia hiri aglomerazioei dagokienez eta makina-erreminta clusterra Deba eta
Durangaldean. Hala ere, eredu hau Euskal Herria osora hedatu dadin, eskualdeko
metropoli bakarraren eragin eremua handitzea lortu behar da; hau da, hiri aglomerazio
altuagoa lortu behar da Bilbon, gainontzeko hiriburu eta eskualdeetara zabal dadin,
lurralde monozentriko batetik metropoli ezberdinetako eredu polizentriko bat
eraikitzeko. Bilboren hinterlanda errefusatu gabe, lurraldeko ezein esparrutan
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
5
dibertsifikazio bat sustatu behar da Estatuan ez bezala, non dena Madrilera (eta
“Bartzelonara”) mugatzen baita.
Estatuaren kasuan metropoli nagusi bi gailentzen dira, eta honek “La España vaciada”
delako fenomenoa sorrarazi du. Arazoa aspalditik dator, XVI. Mendean Felipe II.ak
Madril hautatu zuen Espainiako hiriburu Lisboa beharrean eta, ordutik, Madrilgo
metropoliaren hazkundea etengabea izan da. Bi mende geroago, 1761. Urtean zehatz-
mehatz, Borboitarrek, Espainian bide sendo eta zuzenak egiteko Errege Dekretua
publikatu zuten, eskualde ezberdinen merkataritza errazteko asmoz, baina betiere
Madril oinarri izanik. Sare erradial honen garapenak ez dio onik egin estatuari,
hiriburuarekiko menpekotasuna areagotu baizik. Madrilen hinterlanda oso handia da
baina, bere dibertsifikazio eskasak, agerian uzten du Estatuko egituraren efizientzia eza.
1. Irudia: Iturria: Blogs.Publico.es "El mapa de la España Vaciada"
Horrelakoak ekiditeko, eta aglomerazio ekonomiak sustatzeko, Euskal Herrian eredu
polizentriko bat garatu beharko litzateke, eskualdeen arteko desorekak murrizten
lagunduko zukeena eta horietako bakoitzaren garapen ekonomikoa eta soziala gidatuko
zituzkeena. Bide honetan jarraibide aproposa dugu Alemaniako Rin-Ruhr eskualde
industriala: XX. Mendearen hasieran Ruhr ez zen hiri bat ere ez; industrien, etxolen,
industria eta meatzaritza kolonien, eta trenbideen aglomerazioa baizik. Alemaniako
armategi eta altzairutegi izatea zegokion eta, horretarako, eskulan mordo bat behar
zuen. Estatuak ez zuen esku-hartu eta, ondorioz, industria eta meatzaritza enpresak izan
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
6
ziren eremua moldatu zutenak: azpiegiturak eraiki eta planifikatu zituzten. Mende
horretara arte ez zen eskolarik ezta unibertsitaterik ere eta gaurko egunean, eskualde
metropolitar hau munduko metropoli bilakatu nahi da 5,3 milioi biztanlerekin (Arbaiza
Alvarez & Lozano Valencia, 2010). Hiri askok eragiten diote elkarri, besteak beste,
Dusseldorf, Dortmund, Essen, Bochum, Overhousen eta Duisburg. Industria eta enpresa
ehun handia dauka eta lurralde desorekak ekiditeko politikak gauzatzen ari da,
baztertuta gera daitezkeen zonaldeetan azpiegitura estrategikoak ezarriaz: ikerketa
institutuak, azpiegiturak, ekipamenduak, berrikuntza sailak eta unibertsitateak. Adibide
honi jarraiki, Bilbo ez ezik, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Baiona ere jokoan sartzea lortu
behar dugu.
Historikoki, Euskal Industriak pisu handia izan du Euskal Herriko ekonomian. Bizkaian
industria kontzentratuago zegoen Nerbioi ibaiaren ezker hegalean eta metala eta
siderurgia gailentzen ziren. Gipuzkoan dispertsatuago banatu zen industria errekez
baliaturik: Industria guneak garatu ziren herri desberdinetan, espezializazio
anitzetakoak (metalurgia, papertegiak, ehuna etab.); horri dagokio, beraz, probintziak
nukleo industrial sakabanatuak izatea. Nafarroako eta Arabako industriak XX. Mendean
ezarri ziren teknologia berriagoekin, ordurako Bizkaian eta Gipuzkoan zaharkituta
zeudenean. Lapurdiko industria siderurgia eta metalurgiara bideratu zen gehienbat,
trenbidearen garapenerako. Trantsizioaren ondotik iritsi zen petrolioaren krisiak bat
egin zuen industriaren egiturazko aldaketarekin eta Bilboko ezkerraldeko ontziolen eta
siderurgia industrien desagerpenak gogor jo zion garaiko gizarteari zentzu askotan.
Alabaina, une hartan hasten ari zen bigarren Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia,
pisua jaitsiagatik, industria sendo bat mantentzearen aldekoa izan zen. Gaurko egunean
industriak BPGan duen pisua %25a da, Estatuan %22a denean eta etorkizunean,
bigarren sektorearen pisua areagotzea izango da herriak izango duen erronketariko bat,
zerbitzuak gailentzen ari direnean.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
7
Erronka honi ekiteko, aglomerazio ekonomien barruan, Euskal Herriko eskualde
bakoitzaren ahalmen potentziala bilatu behar da politika estrategikoak bideratu ahal
izateko. Cluster naturalak aprobetxatu behar dira, babestuaz eta sendotuaz, baina
cluster artifizialak sortzeko politikak bultzatu behar dira tokiko administrazioen
elkarlanarekin: Udalak, Aldundiak eta Jaurlaritzak bat egin behar dute sektore
ezberdinetako enpresekin, helburu amankomunen lorpenean jarduteko.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, globalizazioa, eta beste aurrerapen
teknologiko batzuk gizarte eta ekonomia eredua aldatzen ari dira. Komunikatzeko,
mugitzeko eta ondasunak eta zerbitzuak sortzeko erak aldatzen ari dira. Industriak
desagertzen ari direla ikusten ari gara eta, aldi berean, ezagupen eta gaitasun berriak
eskatzen dituzten beste sektore batzuk eta lan eredu berriak sortzen ari dira. Ingurunean
nabarmendu daitezkeen joera anitzen artean euskal industriarentzat bereziki
garrantzitsuak izango dira hurrengoak: berrikuntza, kooperazioa, balio erantsia,
heziketa maila, nazioarteratzea, industria 4.0 eta abar. Industriaren aldaketa sakon
baten aurrean gaude, negozio ereduak eta sektore zein balio-kateen egitura aldatzeko
gaitasuna duten teknologia saltoak nagusi direlako. (Eusko-Jaurlaritza, 2017-2020
Industrializazio plana: Basque Industry 4.0, 2016)
Egungo munduko mapa ekonomikoa, clusterrek gidatzen dute: leku zehatz batean
kokatutako eta esparru konkretu batean ezohiko lehiakortasun arrakasta lortzen duten
masa kritikoak. Ez dute izaera bakarra, ezaugarri amankomunak baino eta horretan
datza gakoa Michael Porterrentzat: “ekonomia global batean, lehiakortasun abantaila
iraunkorrek gero eta zerikusi handiagoa dute urruneko lehiakideek berdindu ezin
ditzaketen faktore lokalekin; esaterako, ezagutza, harremanak eta motibazioa”.
Abantaila konpetitiboa, berriz, intsumoen erabilera produktiboaren aldetik ematen da,
hortaz, etengabeko berrikuntzak badu zer esanik. Enpresen barruan gertatzen dena
garrantzitsua da, baina clusterrek erakusten dutenez, horietatik at gertatzen denak
paper garrantzitsua jokatzen du. Kokapenaren rola ez da behar beste balioetsi,
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
8
ebidentzia irmoak izan arren lehiakortasunaren eta berrikuntzaren kontzentrazio
geografikoan.
Cluster baten parte izateak modu eraginkorrago batean jarduteko aukera ematen die
enpresei, bai lehengaien lorpenean, bai informazioaren eta teknologiaren sarbidean, bai
erlazionatutako konpainiekiko koordinazioan, baita hobekuntzei aurre egiteko moduan
ere. Eremu geografikoa baliatuz, esperientzia altuko eta espezializatutako langileen
komunitatea kudeatzeko aukera hobea dute erakundeek, bilaketa eta kontratazio
kostuak murriztuaz. Errazagoa zaie talentudun langileak erakartzea, baita beste
eremuetatik ere. Ongi garatutako clusterrak, gainera, lehengaiak lortzeko bide
efizienteak proportzionatzen ditu; besteak beste, lokalki asebetetzeak trantsakzio
kostuak murrizten baititu. Informazio espezializatuari dagokionez, fenomeno honek
merkatuaren eta lehiakideen informazio tekniko esanguratsua metatzen du. Horrez
gain, komunitatearekiko loturek eta harreman pertsonalek konfiantza handitu eta
informazio fluxua hobetzen dituzte. Marketin mekanismoak ere gehitu behar dira alor
honetan, feria industrialek eta aldizkari espezializatuek ezagutzen transmisioa
ahalbidetzen dutelako.
Lurralde polizentriko batek eskain zezakeen industriaren dibertsifikazioak tokiko
lehiakortasuna handitzea bidera dezake, motibazio altuagoa horrenbestez. Cluster
barruko lehia presioak euren artean lehiatzen ez duten enpresen errendimendua
areagotzeko ahalmena dauka. Tokiko komunitatean; hots, lurraldean, izen ona izateak
enpresa eta langileak motibazioz lan egitera bidera ditzake. Honela, eskulanaren
produktibitatearen igoerak bat egiten du berrikuntzarenarekin. Clusterrek berebiziko
garrantzia dute enpresen berrikuntza ahalmenean. Paraleloki, konpainia osatzen duten
beste entitateek laguntza igortzen diete enpresei teknologia iraultzari aurre egin ahal
izateko beharrezko osagaiekin, makineria erabilgarriarekin eta marketing zerbitzuekin.
Baina, faktore hauez gainera, badira beste faktore erabakigarri batzuk ere, batik bat,
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
9
gure herrialdean ematen direnak eta ezin hobeto datozkienak. Kooperazioa funtsezkoa
da fenomeno honen barruan, langile, hornitzaile eta erakundeen arteko
eraginkortasuna handitzen baitu trantsakzio kostuen murrizketaren aldetik. Adibide
dugu euskal kooperatibismoa, zeinak Joxe Maria Arizmendiarrieta duen aita gisa.
Enpresaren kudeaketaren estilo eta ikuspuntu honek pertsonen arteko lankidetza
sustatzen du, langileen beharrak asetzea helburu izanik. Enpresen integrazio bertikala
baino, kooperatibismoaren ikuspuntutik eraikitako clusterrek giza kapitalaren balioa
areagotu egin dezakete langilea enpresaren erdigunean kokatuaz. Ideia honekin bat
egiten du elkarlanak; izan ere, sarritan, integrazio bertikala gailentzen den tokietan,
diferentziazio oso esanguratsua egon ohi da zuzendaritzaren eta langileriaren artean,
produktibitate murriztu eta eztabaidak sor ditzakeena. Azken batean, honek guztiak ez
luke zentzuri izango ez balego konpromiso lokalik. Funtsean, ideia honek, lurraldearen
iraunkortasuna eta lan merkatua bermatu ez ezik, tokiko merkataritzari, turismoari eta
hezkuntzari ekarpen minimo bat eskaini beharko lioke. Aglomerazio ekonomia honek
Euskal Herriari balio erantsi altuagoko lan eta zerbitzuak bideratu beharko lizkioke,
langile kualifikatu eta adimentsuenen ihesaldia ekidinez eta garapen ekonomikoak giza
garapena bultzatuz.
Zoritxarrez, aglomerazio ekonomiek, gailurra lortzean, produktibitatearen irabaziak
murriztera jotzen duen prozesuari ekiten diote. Gurea bezalako ia hiru milioi inguruko
herrialde batean, nekez emango dira horrelako kasuak baina, dena dela, saihestu egin
behar dira. Hezkuntza, iraunkortasuna eta berrikuntza dira clusterrek zuzendu behar
dituzten hiru esparruak produktibitatea areagotu eta desekonomiei aurre egiteko.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
10
2. Irudia: Iturria: desenvolvimento.blogspot.com “How agglomeration economies affect
the development of cities”
Aipatu bezala, laugarren industria iraultzaren magalean, euskal industria-ehunak langile
kualifikatuak beharko ditu gero eta intentsiboagoak eta teknikoagoak diren lanetarako.
Horretarako ezinbestekoa da hezkuntza sistemarekin batera jardutea. Derrigorrezko
bigarren hezkuntza utzi eta lanbide heziketan sartzen diren ikasleek aukera eta gaitasun
berberak izan ditzakete batxilergoa bukatu eta unibertsitate ikasketak egitea
erabakitzen dutenen aldean. Alde batera utzi behar da unibertsitate eta lanbide
heziketaren arteko guda, biak ala biak bateragarriak izan daitezkeelako. Esaterako,
robotika, mekatronika, automozioa edo elektronika ikasketak ostera zuzeneko
garrantzia dute makina-erreminta sektorean, hauek direlako esperientzia gehiago
dutenak. Aipatzekoak dira EHUren IMH institutua, Mondragon Unibertsitateko
ingeniaritza eskolaren heziketa dualaren eskaintza altua edota Deustuko
Unibertsitateak Gasteizko Egibide ikastetxearekin batera burutu duen urrutiko-
hezkuntzarako planta industriala. Ikasle adimentsuak hezteaz eta prestatzeaz
arduratzen diren hezkuntza-erakundeen papera funtsezkoa izango da gazteen garapen
pertsonalean eta euskal industriaren egokitzapenean, betiere, balio erantsi altuko lanak
eskaintzen badira, lan onak, ongi ordainduak eta ez prekarioak. Eta hori da honekin
guztiarekin lortu nahiko litzatekeena.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
11
Bide honetatik, hezkuntza-sistema egoki batek, gazteen ohiturak aldatu eta
etorkizuneko erronketan hezi beharko lituzke, iraunkortasunean zimendaturik.
Kontzientziazioa landu egin behar den hausnarketa kritikoa da. Gaurko gazteriak
ahalmen kritiko hori galdu egin du eta horretan ardaztu beharko ginateke, ume eta
gazteak pentsamendu kritiko bat izan dezaten heztean. Azken finean, iraunkortasuna
hori da, etorkizuneko belaunaldien premiak bermatzea, baliabide naturalak modu
arduratsuan kudeatzea, baliabide berriztagarriak sustatzea eta kalitatea bermatzea eta
hau guztia esparru zabalago batean txertatzea: kohesio soziala eta ongizatea. Ideia
hauek ongi errotutako gizartea eraikitzen ahalegindu behar den hezkuntzak, ezein
alorretan eragingo du zuzenki edo zeiharka. Etorkizun-sena duen enpresa jabe batek, ez
luke inondik inora ere bere enpresak kutsatzea onartuko, konpromiso ekologikoa,
soziala eta nazionala tarteko.
Epe luzera, jasangarria izango den garapena lortzeko desafioei aurre egin beharko zaie,
besteak beste, lurzoruaren artifizializazioa, garraio kolektiboa edota nekazal guneen
kudeaketa aktiboa, paisaia ikuspegia ekonomian txertatu eta biodibertsitatea
berreskuratzeko. Erronka berrientzako erantzun bakarra berrikuntza da: gauza berri eta
aitzindariak sortzea edota lehen egiten zena beste modu batera planteatzea. Aldagai
asko barneratzen dituen alorra da (hezkuntza, gizarte balioak, kapital erabilgarritasuna,
enpresa eta administrazio esparrua etab.) eta, bere horretan, lurraldea aukera
garrantzitsuagoa bihurtzen ari da nortasunari, desberdintasunei eta lehiakortasunari
dagokienez; izan ere, talentua eta enpresa berritzaileak erakartzen eta finkatzen
laguntzen du. Clusterren bitartez berrikuntza ekosistemak eratzea lortu behar dugu, bai
sortzeko bai egoera aldakorretara egokitzeko: talentua eta sormena pilatzen dituzten
ezagutza eta ikerketa guneak, kokapena eta lurralde aniztasuna kontuan harturik.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
12
Hirietara salto eginez, aldaketa teknologikoek eta komunikazio elektronikoetan
emandako hobekuntzek hiriak gero eta garrantzitsuago bihurtzen ari dira. Korrelazio
sendo bat dago urbanizazioaren eta garapen ekonomikoaren artean herrialde guztietan,
eta herrialde barruko ebidentziek aditzera ematen dutenez, aglomerazio lodietan
produktibitatea hazi egiten da. Aitzitik, abantaila ekonomiko hauek moteldu egiten dira
kongestioa, krimena eta gaixotasunen kutsadura tarteko. Iraganak erakutsi duenez,
arazo hauek gobernu kualifikatuak behar izaten dituzte, ekonomia eta ingeniaritza
konbinaketen konponbideak erabiltzen dituztenak (Glaeser, 2011). 181 herrialde
alderatuz, Edward Glaeserrek 0,7ko korrelazioa topatu zuen per capita BPGren
logaritmoaren eta urbanizazioaren artean; hau da, urbanizazioan %10eko aldakuntza
bat per capita BPGan %61eko hazkuntzarekin lotuta dago. Hala ere, kakotxen artean
hartu behar diren datuak dira. Alabaina, herrialdeen artean, erlazio sendo bat existitzen
da aglomerazio urbano batean lan egitearen eta soldaten artean. Hain zuzen ere, hiriak
produktiboagoak diren zonaldeetan banatu daitezke, pertsona adimentsuagoak eta
kualifikatuak erakar ditzaketenak. Aurkikuntza hauek aglomerazio ekonomien
existentzia berresten dute, zeintzuk hiriarekiko gertutasunak produktibitatearen
gehikuntzan islatzen baitira. Pentsatzen denez, gertutasunak ondasunen bidalketa eta
garraio kostuak merkatzen dituelako ematen dira ekonomia hauek. Ikuspegi honen
garrantzia berretsi egiten da enpresak hiritik gertu kokatzen direla ikustean,
hornitzaileen eta erosleengandik gertu alegia. Era berean, gertutasunak, lan merkatuen
efizientzia hobetzen du, banakoak lan aukera kopuru altuekin hornituaz. Onura hauek,
batez ere, zerbitzu sektorerako nabariak direla dirudite. Bestalde, soldaten igoera
azkarragoa izateak, sendotu egiten du XIX. Mendeko Marshall ekonomialariaren ustea;
hau da, hirietan ezagutzen fluxua eta ideia berrien sormena bizkorragoa da.
Hiriek hazteko joera dute, horregatik barneratzen dute jarduera ekonomikoaren
ehunekorik handiena, batez ere, bertan sortzen delako. Honek biztanleria erakartzen du
lan aukera aniztasuna dagoelako, hiriak produktiboagoak eginaz (ΔY/L) ez soilik lanaren
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
13
aldetik, azpiegituren erabileraren aldetik baizik. Hirietan, edozein azpiegitura,
biztanleriaren azpitik hazten da. Kostu finko altuak izan ohi dituztenez, errotazio maila
altua behar izaten dute errentagarriak izateko (ikastolak, gasolindegiak, zuntz optikoa,
etab.). Hiriak bezalako eskala errendimendu gorakorreko ekonomietan, biztanleko
inbertsio gutxiago behar izaten da azpiegiturak egiteko herri txiki batean baino,
errotazioa oso altua delako eta honek sistemaren efizientzia hobetzen duelako.
Testuinguru honetan, balio erantsi altuko sektoreak dira egoera gehien aprobetxatzen
dutenak; hau da, aglomerazioa zenbat eta handiago izan, orduan eta gehiago
aprobetxatuko dira onurak.
Euskal Herriko hiriburuen aglomerazioa modu iraunkor batean bideratu beharra dago
balio erantsi altuko sektoreak garatu eta kokatu daitezen. Etorkizunari begira, ez da
bideragarria Espainiako Estatuaren politika ekonomikoa, hondartzan eta eguzkian
oinarritzen dena. Gure ekonomiak ez du helburu izan behar turismo sektoreak BPGren
%11ko pisua izatea, kalitatezko zerbitzu sektore bat eraikitzea eta industriaren pisua
igotzea baizik. Horrexegatik, zerbitzu sektoreari positiboki eragin diezaiokeen hiri
aglomerazioa garatzea aukera ona izan daiteke balio erantsi altuko sektoreak gure
hiriburuetan finkatzeko. Gure hirien efizientzia maila areagotuko duten politikak
abiarazi behar dira teknologia txertatuaz. Hiri adimentsuen garaian (smart cities) hiriek
IKT teknologiak atxiki behar dituzte ezein esparrutan, edonolako produktibitate galera
ekiditeko: kutsadura zein kongestioa. Aglomerazio desekonomien barruan, hirien
garapen altuak, aipatutako kalteak sor diezazkioke hiriari; hori dela eta, hiri adimentsuek
egoera hauek atzeratzea lortu beharko dute 2. Irudiaren kurba gorantz edo eskumarantz
lerratuaz. Besteak beste, errepideen trafikoa neurtzen duten gailuak ezar daitezke,
oinezkoen igarotzea errazteko; aparkalekuen okupazioa momentuan neurtzen duten
gailuek, autoen fluxua hobetu dezakete eta berdin egin dezakete alokairu publikoko
bizikletekin; garraiobide publikoen geolokalizazioa, autobusentzat zein kotxe
kolektiboentzat; zabor edukiontzien karga maila neurtzen duten gailuak; Kutsadura
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
14
maila neurtzen duten gailuak edo hiriko bideo-zaintza eta beste hainbeste aukera.
Honek guztiak hobekuntza orokor bat du helburu: mugikortasuna, segurtasuna, zerbitzu
publikoen hobekuntza, zerbitzu pribatuen abagunea, produktibitate hazkundea eta
abar.
Hiri adimentsuak ulertzeko esparru asko jorratu beharko lirateke: gobernantza publiko
eta irekia, hiri plangintza, lurralde antolamendua, kudeaketa publikoa, teknologiak,
ingurumena, gizarte kohesioa, mugikortasuna eta garraioa, giza kapitala, ekonomia, eta
nazioarteko proiekzioa. Azken batean, hiri adimentsua izatea, lehiakorragoa,
kolaboratzailea, planifikatzailea, sortzailea eta berritzailea izatea da. Horrenbestez,
bizitza publikoaren inklusioa, gardentasuna eta baliabideen birbanaketa hobeak lortzen
dira.
Gizartea
Azken urteetan lurraldearen antolamenduan eta funtzionaltasunean aldaketak eman
dira; hiriburuen eta metropoli inguruneen garapena, hiri eraginaren nagusitasunean eta
hedapenean gertatu da; hau da, hirugarren sektoreak gora egin du esponentzialki eta
aldaketa hau hiriek xurgatu dute. Gainera, motorizazio orokor bat eman da komunikazio
sistemen hobekuntzarekin: bidaien denborak murriztu egin dira eta metropoliko eremu
nagusi berrietan kokatutako zerbitzuetara iristeko erraztasuna hobetu egin da. Oro har,
mugikortasun eta irisgarritasun handiago bat daukagu baina, zoritxarrez, tamaina
ertaineko hiri garrantzitsuek hobekuntza prozesu nabariak izan arren, zentraltasun
galdu dute. Hori dela eta, Euskal Herriaren egitura polizentriko batek zentro anitzeko
hiri sistema orekatu bat lortzea proposatzen du, zeinak komunikazioa hobetuko duen,
hiri ertainen espezializazioa bideratuko duen eta metropoli, hiri ertain, herri eta
eskualdeen konektibitate handiago bultzatuko duen.
Egitura polizentrikoarekin batera, egun indarrean dauden pentsamoldeak eta
estrategiak kontuan hartu behar dira: Iraunkortasuna, kohesio soziala, garapen orekatua
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
15
eta justizia sozial eta ekologikoa. Euskal Herria polizentriko batek, ingurune fisikoa (giza
jardueren baldintzatzailea eta zaindu beharrekoa), populazioa (tokiko gizartearen
ezaugarriak: adin egitura, sexuen arteko desorekak, inmigrazioa, langabezia, pobrezia
etab.) eta hirien sarea (hiriak eta herriak -nodo urbanoak, oreka eta guneen hierarkia-
eta azpiegiturak –errepideak, trenbideak eta portuak-) modurik eraginkorrenean
kudeatu behar ditu, harik eta lurralde orekatu bezain garatua lortzeko.
Aspektu sozialei dagokienez, egitura polizentriko batek giza garapen iraunkor
bateranzko bideari ekiteko abaguneak eskain diezazkiguke. Herrialde dibertsifikatu eta
orekatu batek tokiko biztanleriaren bizi kalitate eta ongizate altuago bat lortzea
ahalbidetu lezake irizpide ekonomizistetatik haratago, ingurumen eta gizarte
ikuspuntuak barneraturik. Iraunkortasuna: garapen sozioekonomikoaren eta
ingurumenaren arteko oreka, baliabide naturalen mantenu egokia ahalbidetuko duena.
Azken finean, lurzorua da lurraldearen euskarria, are gehiago gure herrialdean;
horregatik, hain errentagarriak ez diren zonaldeak garatu beharko lirateke, betiere
kontrolatuaz eta babestuaz. Gaurko egunean kontsumo sistemak, lurzoru
artifizializatuak areagotzea eragin du, merkatal guneentzako azalera handiak eginaz.
Landa ekoizpen baliabideak, ondorioz, errendimendu jaitsiera baten aurrean ikusi dira,
lurzoruaren balioa murriztu delako eta euren ekoizpenaren pisua murriztu egin delako.
Lurralde oreka: sektore ezberdinen arteko desorekak zuzendu egin behar dira, lurralde
justiziaren kontzeptua gailen dadin. Zentralitatearen eta periferiaren arteko gatazka
bizitzen ari gara non inbertsio publiko eta pribatuak, azpiegiturak, ekipamendu
publikoak, berrikuntza eta garraiobide publikoen antolamendua hirietara mugatu baita.
Lurralde justiziari onik egin ez ezik, tokiko biztanleriaren behar izanak eta garapen
aproposa baldintzatzen ditu, aukera desberdintasuna sortuz. Hori dela eta integrazio
eta kohesio politikak sustatu behar dira, lurralde barnean, zazpi lurraldeen artean eta
sektore ezberdinen artean. Izan ere, koordinazio maila egokiak eta sektoreen kohesioak
funtzionaltasuna eta lehiakortasun egokiak bideratzea baimenduko du.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
16
Barne harremanak hobetuko dituen mugikortasun neurriak hartzea ezinbestekoa izango
da eskualde ezberdinen arteko konexioak lortze bidean. Horretarako Aldundi bakoitzak
barne irisgarritasun politikak jorratu beharko ditu, gainontzeko Aldundiekin eta
Jaurlaritzarekin batera, sare interkonektatu bat eraiki ahal izateko:
3. Irudia: Iturria: Euskal Hiria.net. LAG-en 1997ko lurralde eredua osatzen duten
oinarriak
Lurralde antolamendu gidalerroak eguneratzeko erronka berrietatik lortutako irudi
honek argi erakusten du –kasu honetan EAEko sare interkonektatua- Euskal Herriaren
eskualde ezberdinen arteko sare interkonektatu batek izan beharko zukeen aspektua.
Ikuspuntu zabal batetik hasiz, 7 hiriburuen arteko “fast link” direlakoak garatu beharko
lirateke, nodoen arteko konexio zuzenak alegia. Garraiobide publiko, eroso, azkarra eta
maiztasun handikoa izan beharko litzateke, trenbide batek eskain zezakeena, adibidez.
Autobideak erabil zitezkeen, ingurumen inpakturik txikiena izateko. Honek, gainera,
autoaren erabilera murrizteko pizgarriak izango lituzke, eguraldi txarraren ondoriozko
istripuak ekidinaz. Bestetik, metropoliak eta bere eskualdeak konektatuko dituen
garraio sistema eraginkorra beharrezkoa da. Batetik, metropolien produktibitatearen
onurarako eta, bestetik, eskualdeen eta euren biztanleen garapen hobe bat lortzeko.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
17
Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, Bizkaibus eta Lurraldebus herria askotara iristen
dira, baina ez guztietara. Herritar askok, oraindik, garraio menpekotasun handia dute,
garraio publikoa euren bizilekuetara iristen ez delako eta autobusen maiztasuna oso
noizean behinekoa delako. Arabaren kasua da, behar bada, okerrena; izan ere,
biztanleriaren gehiengoa Gasteizen bizi da eta gainontzeko herriek berarekiko duten
menpekotasuna ez da, zoritxarrez, hauek duten irisgarritasunean islatzen. Gainera,
Arabako iparraldeko eskualdeak, gehienbat, Bilbo handiko azpiegitura eta zerbitzuak
erabiltzen dituzte, Gasteizekiko harremana ia nulua izanik.
Hiriez ari garen honetan, aukera berdintasuna sustatzeko, euren diseinuari erreparatu
behar zaie; hau da, hiriek eskain ditzaketen ondasun eta zerbitzuetan eta hauek
erabiltzerako orduan. Emakume eta gizonek hiria modu ezberdinean erabiltzen dute
genero rolak, laneko sexu bereizketa eta ordaindu gabeko lanak direla medio. Hau dela
eta, aniztasuna izan behar du Euskal Herria polizentriko batean, espazioak
planifikatzeko abiapuntua: emakumeen beharrizanak barneratuko dituen hiri eta
lurralde antolamendua – irisgarritasuna eta segurtasuna -. Hiri plangintzan eta lurralde
antolamenduan pertsonen bizi zikloetako premiak eta bilakaera kontuan hartu beharko
dira eta, gainera, genero ikuspegia barne hartzen duen ingurune bat sortu beharko da,
emakumearen bizitza pribatuaren eta eremu publikoaren alderdiak barneratuko
dituena.
Gizon eta emakumeek pertzepzio desberdina dute eremu publikoari dagokionez;
esaterako, garraio desberdintasun nabari bat existitzen da hiri ondasunak erabiltzerako
orduan inpaktu negatibo bat duena. Genero ikuspegia txertatzeak, denboraren eta
espazioaren dimentsio hobeak lortuko lituzke lurraldean: ekipamendu publikoak hobeto
banatzea, garraio sare eraginkorragoak eta seguruagoak sustatzea, etxebizitza aukera
gehiago bideratzea edota segurtasunik eza murriztea. Ikerketa askok, emakumeek
mugikortasuna murriztu dutela adierazten dute, hori dela eta, hiri espazioa mugatu egin
dute euren garapen pertsonala oztopatuz; besteak beste, hiri ondasun eta zerbitzuak
erabiltzeko eskubideak murriztuz. Lurralde antolamenduan ikuspuntu subjektiboa
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
18
barneratu beharra dago emakumeen ahotsa gehitzeko: parte-hartze prozesuetan eta
hirigintza kudeaketa erabakietan, horrela, dibertsitatea gailentzen den hiri inklusiboak
lor ditzagun.
Hiru alderdi jorratu beharko lirateke, batetik, mugikortasuna: garraiobide
desberdintasuna ez ezik, tokien gertutasunarekiko sentikorragoak dira emakumeak,
zenbat eta handiagoa izan distantziak, areagoak dira euren mugak eta honek euren
jardunen bateraezintasunak bideratzen ditu. Bigarrenik, segurtasuna: oro har, eremuak
sexuen arabera bereizten dira , horregatik, autonomoak izate bidean, emakumeen rol
aktiboa sustatu beharra dago; hau da, hiria feminizatu egin behar da segurtasuna
areagotzeko: argiztapena, mantentze lanak, garbiketa, seinaleztapena eta
ikusgarritasuna. Horretarako funtsezkoa da auzoen suspertzea, eremu publikoa
harreman sozialen muina delako. Eta, hirugarrenik, ekipamenduak: zerbitzuak behar
bezala banatu beharko lirateke hirian zehar; hots, instalazioen erabilera zabaldu
beharko litzateke zati isolatu izateari uzteko eta emakumeen aisi eta entretenimendu
guneak bilakatzeko.
Euskal Herria polizentriko baten barruan, hirien egiturak bere garrantzia dauka. Aurretik
aipatu bezala, hirietan generoaren dimentsioa barneratzea derrigorrezkoa izan beharko
litzateke, dibertsitatea, inklusioa eta aukera aniztasuna lortzeko. Buruhauste honen
konponbidea hiri trinkoen eredua izan daiteke; hau da, distantzia motzak dituena,
segurua dena, garraio sistema publiko segurua eta egokia duena, ekipamendu
dibertsifikatuak dituena, kalitatezko eremu publikoak dituena eta erabilera askotariko
eremuak dituena.
Laburbilduz, lurraldearen dimentsio sozial jasangarriago bat lortzeko, hiritar guztiak
modu berean hartu behar dira kontuan, premiak asetzeko eta generoak eragindako
diskriminazioak saihesteko. Hirien eta lurraldearen ikuspuntu androzentrikotik,
herrialde neutral bat izatera igaro behar gara, eskualdeen arteko konexio egoki batek
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
19
bideratuko duen garapen anitz eta iraunkor batera alegia. Lurraldearen kudeaketa
berdintasunezko kudeaketa izan dadin, denboraren kudeaketan oinarrituta antolatu
beharko litzateke, herrialdeak bizi duen errealitateaz jabeturik. Horretarako, tokian toki,
irisgarritasuna eta intermodalitatea garatu beharko lirateke beharrezko ekipamenduez
horniturik. Egitura polizentrikoak aukera asko eskain diezazkioke Euskal Herriari, “Euskal
Hiria” delakoa baino zazpi lurralde historikoak eta euren herriak barneratuko lituzkeen
benetako Euskal Herria bati ekiteko hain zuzen.
-
ETORKIZUNEKO LIDERREN FORMAKUNTZA PROGRAMA 2018/2019 PROGRAMA FORMATIVO DE LIDERES DE FUTURO 2018/2019
www.agirrecenter.eus
20
Bibliografia Arbaiza Alvarez, J. K., & Lozano Valencia, P. (2010). Lurralde-antolamendua Euskal
Herrian: gaur egungo egoera, gatazkak eta erronkak. Bilbo: Udako Euskal Unibertsitatea.
del Romero Renau, L. (30 de Uztaila de 2009). Planificación territorial en regiones industriales maduras:El caso de Rruhr. Universidad de Alicante & Universidad de Québéc.
Emakunde. (2018). Generoaren araberako eraginaren ebaluazioa: lurralde-plangintzan eta. Emakunde.
Eusko-Jaurlaritza. (2011). LAG eguneratzeko erronka berriak.
Eusko-Jaurlaritza. (2016). 2017-2020 Industrializazio plana: Basque Industry 4.0.
Glaeser, E. (2011). Cities, Productivity and Quality of life. Science, 592-594.
Gual, J. (2016.eko ekainak 10). CaixaBank research. Eskuratze-eguna: 2019.eko maiatzak 5. Iturria: http://www.caixabankresearch.com
Johansson, B., & Quigley, J. M. (2003). Agglomeration and networks in spatial economies. Papers in Regional Science.
Porter, M. (1998). Los Clusters y la Competencia. Harvard Business Review, 130-145.