1314 lbd 2 geosferaren dinamika plaken tektonika

Upload: plarrieta5672

Post on 19-Oct-2015

107 views

Category:

Documents


2 download

TRANSCRIPT

  • Geosferaren egitura ikertzearekin batera, geologoak haren dinamika (aldaketak) azaltzen saiatu dira. Hain zuzen ere, ahalegina egin dute prozesu endogenoak edo prozesu tektonikoak (grekoko tectos euskaraz eraiki) azaltzeko; hau da, planetaren barruko indarren bidez erliebeak eraikitzen dituzten prozesuak (esaterako, harriak deformatu eta mendilerroak, sumendien jarduera edo lurrikarak eratzen dituztenak...). Lehenengo azalpenak Prozesu tektonikoak azaltzeko lehenengo hipotesiak fixismoan oinarritzen ziren; horren arabera, lurrazaleko masa kontinentalek ezin zuten posizioa aldatu. Hipotesi horiek ziotenez, erliebeak eratzen zituzten indarrak higidura bertikalak ziren, magmak mantura igotzearen, lurra hondoratzearen edo igotzearen eta halako beste faktore batzuen ondoriozkoak. Wegener eta kontinenteen jitoa Prozesu tektonikoak azaltzeko lehenengo hipotesi mobilista (fixismoan oinarritu gabea) kontinenteen jitoa izan zen; Alfred Wegener meteorologo eta geofisiko alemanak proposatu zuen, 1912an. Wegenerrek zioenez, iraganean, Pangea izeneko superkontinente bat egon zen; hori zatitu, eta oraingo kontinenteak sortu ziren. Zatiak mantutik irristatu ziren, astiro-astiro, harik eta oraingo kokalekua eduki arte. Higitu zirenean, bultzatu, tolestu eta altxatu egin zituzten itsas hondoetako sedimentuak; horrela, mendilerroak sortu ziren. Wegenerrek aurkezturiko frogak Wegenerrek honako behaketa hauetan euskarritu zituen bere hipotesiak: Froga geografikoak. Kontinenteen egungo kosta-lerroak, Afrikakoak eta Hego Amerikakoak batez ere, puzzle baten piezak bezala ahokatzen direla ohartu zen Wegener. Froga paleontologikoak. Fosilek adierazten dutenez, duela 350 milioi urte Afrika, Hego Amerika, India eta Australiako fauna eta flora berdinak ziren: horrek esan nahi du garai hartan aipaturiko kontinenteak elkarturik zeudela. Froga geologikoak. Ozeano Atlantikoaren bi aldeetara dauden unitate geologiko handiek eta zenbait mendikateren tolestura ardatzek bat egiten dute. Mendikateak puskaturik eta aldendurik badaude ere, eratu ziren garaian kontinenteak baturik zeudela adierazten dute. Alde batetik, Afrika eta Hego Amerika zeuden elkarturik eta bestetik, Europa eta Ipar Amerika.

    Froga paleoklimatikoak. Tillitak glaziarrek utzitako detrituetatik eraturiko harri sedimentarioak dira. Gutxi gorabehera 300 milioi urte dituen harri-mota hau Antartidan, Australian eta Amerikako, Afrikako eta Indiako hegoaldean aurkitu zen XIX. mendearen amaieran. Bitartean, hego hemisferioko tilliten adin bera zuten ikatz-geruzak aurkitu ziren Eurasian eta Ipar Amerikan. Horrek garai berean ipar hemisferioko kontinenteetan oihan tropikalak zeudela adierazten zuen. Wegenerrek geologia modernora egindako ekarpena Garaiko adituek ukatu egin zuten Wegenerren hipotesia, bi arrazoi hauengatik: ez zuelako azaltzen kontinenteak zer indarrek higiarazten zituzten, eta ezinezkoa zelako, garaiko geologoek frogatu zutenez, harri-masa kontinentalak ozeanoaren hondoko harrien gainean flotatzea. Baina alemanak aurkezturiko frogak ukaezinak ziren: denborarekin, kontinenteen kokalekua aldatu egin zen. Froga horietan oinarrituz, horrenbestez, prozesu geologiko guztiak azaltzen dituen geologia modernoaren teoria nagusia garatu zen: plaken tektonikaren teoria. PLAKEN TEKTONIKAREN TEORIA Plaken tektonikaren teoria 1970eko hamarkadan sortu zen, eta oinarrizko postulatu hauetan oinarritzen da: Litosfera litosferako plaka edo plaka tektoniko izeneko zati zurrunetan banatuta dago. Litosferako plakak dinamikoak dira: mugitu, tamaina handitu edo txikitu, eta aldatu egiten dute forma. Plakek elkarreragina dute, batik bat ertzetan edo mugetan, horietan jarduera geologiko bizia baitago. Litosferako plakak eta horien ertzak Litosferako plaken mugak zehatzak dira, eta bat datoz litosferako erliebe nagusiekin; esate baterako, dortsal ozeanikoekin, hobi ozeanikoekin edo mendilerro handiekin. Plakak litosfera ozeaniko bakarrez osaturik egon daitezke, edo litosfera kontinentaleko blokeak ere izan ditzakete. Litosferako plaken osaera horrek eragina dauka euren ertzen jokabide geologikoan; ertzok hiru motatakoak izan daitezke, euren arteko kontaktu mota kontuan hartuta: dibergenteak, eraldatzaileak eta konbergenteak.

    Ertz dibergenteak Ertz dibergenteak (edo eraikitzaileak) bereizi egiten diren bi plaken ertzak dira. Bereiztearen ondorioz, bi ertzen artean pitzadurak eratzen dira, eta, horietatik, mantuko material urtua irteten da; hori kanpoan solidotzen da, eta litosfera berria eratzen du (plaken tamaina handitu egiten da). Ertzotan, plaken litosfera mota aintzat hartuta, bi egitura mota sortzen dira: kontinente barruko riftak eta dortsalak. Kontinente barruko riftak Kontinente barruko riftak hondo oso apurtua duten lur-hondoratzeak dira; masa kontinental bat apurtu, eta ertz dibergenteko bi plaka sortzen direnean eratzen dira. Bereizte horrek ahuldu egiten du litosfera: lehenengo eta behin, pitzatu, eta, gero, hondoratu egiten da. Horrelaxe dago Afrika ekialdeko zona (Riftaren Haran Handia izenekoa).

    Dortsalak Dortsalak milaka kilometroko luzera, ehunka kilometroko zabalera eta 2 km inguruko altuera duten itsas hondoaren altxatzeak dira; erdiko ardatza duen hobia (rifta) dute. Litosfera ozeanikoak eraturiko bi plaken ertz dibergenteetan sortzen dira. Lurreko dortsal nagusietako bat Atlantikoaren erdiko aldea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duena da.

    Ertz eraldatzailak Ertz eraldatzaileak (edo pasiboak) norabide berean baina aurkako noranzkoan haztean edo mugitzean marruskatzen diren plakenak dira. Horietan, litosfera ez da sortzen ez suntsitzen. Ertz eraldatzaile ia guztiak ertz dibergenteekiko apurtze perpendikularrak dira, eta bi plakek hazteko erritmo desberdina edukitzearen ondorioz sortzen dira. Hori dela eta, dortsaletan egoten dira, nahiz eta batzuk (adibidez, San Andreseko faila, Kalifornian) litosfera kontinentalean egon.

    7.- LURRAREN BARNE DINAMIKA

    2.- GEOSFERAREN DINAMIKA. PLAKEN TEKTONIKA

  • Ertz konbergenteak Ertz konbergenteak (edo suntsitzaileak) bata besterantz mugitzen diren bi plaken mugak dira. Talkaren ondorioz, plaka horiek murriztu egiten dira (litosfera suntsitu). Hala eta guztiz ere, plaken litosferak talkaren lekuan duen osaerak baldintzatu egiten ditu talka bera eta parte hartzen duten plaken jokabide geologikoa. Horrela, ertzok desberdinak izan daitezke, konbergentzia motaren arabera: plaka kontinental baten eta ozeaniko baten artean, bi plaka ozeanikoen artean edo bi plaka kontinentalen artean. Plaka kontinental baten eta ozeaniko baten arteko konbergentzia Plaka kontinental baten eta plaka ozeaniko baten arteko talka-ertzetan, subdukzio izeneko fenomenoa gertatzen da; hau da, plaka ozeanikoa (trinkoagoa) kontinentalaren azpian sartzen da. Azpian sartzen den plaka mantuan hondoratzen da; horrela, bi plaken arteko kontaktu-zonan, hobia eratzen da.

    Hondoratze hori detektatu egin daiteke, litosfera marruskatu egiten baita mantuko harriekin, bertan hondoratzen denean. Marruskadurak lurrikarak sortzen ditu eta zenbat eta hobitik urrunago joan, orduan eta sakonagoak dira lurrikaren fokuak, Benioff-en planoa izeneko plano makur bat osatuz. Plano honek hondoratzen ari den plakaren inklinazioa adierazten du.

    Subdukzioa ez ezik, plaken arteko bultzadak plakak tolestu, eta altxatu egiten ditu plaka kontinentaleko harriak; horrela, plaka kontinentala gainazalean gelditzen da. Horren ondorioz, mendilerro marjinala eratzen da, eta ertz konbergentearekiko paraleloa. Bi plaka ozeanikoren arteko konbergentzia Litosfera ozeanikoko bi plaken arteko talka-ertzetan, bi plaketatik trinkoena bestearen azpian sartzen da, angelu nabarmenean eta aurreko kasuan baino abiadura handiagoan. Azpian sartzen den plaka hondoratzeak, kasu honetan ere, hobia sortzen du bi plaken arteko kontaktu-zonan. Subdukzio azkarrak mantuko harriak urtu, eta beste plakaraino igotzen diren magmak sortzen ditu; magma horiek gainazalera irteten dira, hango pitzaduretatik. Magmok, gainera, arku-forman bildutako uharte bolkanikoen multzoak (uharte-arkuak) sortzen dituzte; esate baterako, Aleutiar uharteak (Alaskaren ondoan).

    Bi plaka kontinentalen arteko konbergentzia Litosfera kontinentaleko bi plaken arteko talka-ertzetan, ezein plaka ere ez da hondoratzen, harriak ez baitira trinkoak. Horrela, bi blokeek elkar bultzatu, eta euren harriak tolestu eta apurtu egiten dira.

    Sarritan, gainera, bloke bat bestearen gainean jarri eta altxatu egiten da, mendilerroa eratzeko. Horrelaxe eratu zen Himalaiako mendikatea, Indiako plakak eta Eurasiakoak talka eginda.

    LITOSFERAREN EBOLUZIOA Kontinente eta ozeano aldakorrak Plaken tektonikaren teoriak deskribatzen dituen litosferako plaken arteko elkarreraginak apurka-apurkakoak dira, baina etengabeak: ehunka milioi urtetan zehar gertatu izanaren zantzuak daude. Horren arabera, litosfera etengabe aldatzen ari da, eta kontinenteen eta ozeanoen iraganeko kokalekuak eta oraingoak ez dute zerikusirik (Wegenerrek esan zuena, nahiz eta hori plaken dinamikaren ondoriozkoa izan, eta ez kontinenteen jitoaren ondoriozkoa). Wilsonen zikloa Litosferak denboran izandako eboluzioa azaltzen saiatu zen lehenengo zientzialaria Tuzo Wilson kanadarra izan zen. Plakek, geologo horrek proposaturiko eredu ziklikoaren arabera, masa kontinentalak aldian behin batzeko eta bereizteko eboluzionatzen dute. Eredua honek hiru etapa hauek ditu: 1. Kontinentea apurtzea eta rifta eratzea 2. Hedatzen den ozeanoa eratzea 3. Ozeanoa murriztea eta kontinenteek talka egitea